Sozialdemokraziaren aldarria

PSko Hollandek Sarkozyrekiko aldea handitu du Frantziako bozen kanpainan, mezu soziala indartuta

mikel rodriguez
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Apirilaren 22ko presidentetzarako hauteskundeen bidean, urtarrileko maldari aldeko haizearekin ekin dio François Hollande PS Frantziako Alderdi Sozialistako hautagaiak. Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko mezu soziala azkartu du, ekonomiaren kontrolerako neurri gehiago ezartzea eta giza laguntzak handitzea proposatuz. Iragan igandean egindako mitinean, «benetako etsaia» zein den ere zehaztu zuen: «Finantzen mundua». Europako alderdi sozialistek aspaldian galdutako norabide sozialdemokrata berreskuratzeko xedea du Hollandek, Merkozy bikotearen—Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea— eredu neoliberalarekiko alternatiba gisa agertzeko. Azken inkestaren arabera, herritarrek Hollanden mezua saritu dute, Sarkozyrekiko aldea handitu baitu —botoen %31 PSko hautagaiak, %25 egungo presidenteak—. Haizea alde duela aurkeztu zuen atzo Hollandek bozetarako programa. Aberatsenei zergak igotzeko proposamena da haren puntu nagusienetako bat, eta klase ertainak «babestea» xede nagusia.

Maiatzaren 7an hamazazpi urte beteko dira PSk boterea galdu zuenetik; egun bat lehenago, baina, basamortuko zeharkaldi luzea amaitutzat emanen duela ziur da Hollande, bigarren itzulirako bozen %60 eman baitizkio CSA Ikus-entzunezko Kontseilu Gorenaren inkestak.

Mitterranden eredua

Hori lortzeko inspirazio bila, François Mitterrand Frantziako sozialdemokraziaren aitapontekora jo du Hollandek. Le Monde egunkariaren arabera, Hollandek kanpaina irekitzeko iragan igandean Paris ondoko Bourget hiri txikian emandako hitzaldiak Mitterrandek 1981ekoa irekitzeko egindakoaren elementu ugari zituen. Hollande indartsu dago, eta Mitterrandekin identifikatu nahi du bere burua, hura baita PSren indarraren ikurra: presidente izan den alderdiko hautagai bakarra da, hamalau urtez eutsi zion botereari, eta neurri sozio-ekonomiko eta politiko ausartak hartu zituen hasieran —adibidez, enpresen nazionalizazioak, eta komunistei gobernuan sartzeko eskaintza—, nahiz eta ondoren liberalizazio ekonomikoaren alde egin, eta eskuinarekin batera agindu behar izan zuen parlamentuan gehiengoa galtzean.

Mitterranden ondotik, PSren hautagaiak izan ziren Lionel Jospin (1995ean eta 2002an) eta Segolene Royal (2007). Jospinek bere aitzindariarengandik aldendu nahi izan zuen bere irudia, eta birritan galdu zuen Jacques Chiracekin. Royalek, ordea, Mitterranden jarraitzaile izateaz «harro» zegoela aldarrikatu zuen 2007ko kanpainan, baina ez zion balio izan Sarkozy eskuinaren izar mediatikoa garaitzeko. Jospini eta Royali erreferentzia eginez, «iraganeko lezioak» ikasita dituela erran du Hollandek.

PSko hautagaiak leku sinbolikoa hautatu du bozetarako programa aurkezteko: Parisko Metalurgikoen Etxea, garai batean industriako sektore horretako sindikatuen egoitza izandakoa, orain kultura gune bihurtua. Neurri politiko eta ekonomikoak biltzen dituen 60 puntuko programa egin du Hollandek, batez ere krisialdi ekonomikoan zentratua. Lau oinarri jarraitu dituela azaldu du: egungo egoeraren larritasuna argi azaltzea, hori aldatzeko borondatea izatea, proposamen guztietan justizia soziala aplikatzea —Sarkozyri egotzi dio horren aurkakoa egitea—, eta finantziazioaren inguruan gardentasuna agertu eta epeak betetzea.

Azken horri dagokionez, Frantziak EBrekin hartutako konpromisoak bete eta 2017rako finantza publikoen oreka lortzeko, Hollandek adierazi du gastu publikoa urtero %1 murriztu beharko dela, eta 29.000 milioi euro lortu beharko direla. Diru kopuru hori irabazteko, enpresei ezarritako salbuespen fiskalak kendu nahi ditu, eta urteko 150.000 eurotik goitiko irabaziak dituzten pertsona pribatuei %41-45 arteko zerga tasa ezarri nahi die. «Frantziar gehienek ez dute ordaindu beharko». Gehien dutenei gehiago ordainarazteko korrontearen alde egin nahi du horrela Hollandek, Barack Obama AEBetako presidenteak duela hiru egun egin bezala. Horren helburua, estatuko diru kutxak betetzeaz gain, argia da: klase ertainen botoa irabaztea. UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdiko presidente Jean-François Coperentzat, baina, klase ertaineko jendea kaltetuko lukete gehien Hollandek proposatutako neurriek. Zergak igota hazkunde ekonomikoa oztopatuko litzatekeela dio Sarkozyren alderdikideak.

Afganistango gerra

Hauteskunde lehian bete-betean sartu den gaietako bat Afganistango gerra izan da, iragan urte amaieratik Frantziak sei soldadu galdu baititu han. Hollandek hitz emana du presidente izanez gero, aurten bertan erretiratuko dituela tropak. Sarkozyren gobernuak, ordea, ez direla aurten erretiratuko jakinarazi du, misioa ez baitu bukatutzat jo. Sarkozy gaur bilduko da Afganistango presidente Hamid Karzairekin, eta Frantziako soldaduentzat segurtasun bermeak exijituko dizkio. Egungo presidenteak aste honetan jakinarazi du hauteskundeak galduz gero, politika utziko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.