Erresuma Batuko lehen ministro Gordon Brownen hitzek ez dutela oihartzun handirik dirudi. «Hanka sartzeko beldurrik gabe esaten dut: Tony Blair EBko izugarri presidente ona izango litzateke. Kide asko datoz nirekin bat». Bruselako korridoreetan, ordea, kontrakoa entzuten da. Aldekoak baino aurkari gehiago ditu Erresuma Batuko lehen ministro izandakoak, batez ere sozialisten artean.
Duela bi aste erakundeko 27 kideetatik hiru baino ez ziren agertu aukera horren kontra: Belgika, Herbehereak eta Luxenburgo, zehazki. «Europako Batasuneko bihotzean parte hartzen duen herrialderen batekoa izan behar du erakundeko kargu garrantzitsuena beteko duena», adierazi zuen urriaren 10ean Europako Legebiltzarreko kide Jean-Luc Dehanek -Belgikako lehen ministroa izan zen-. «Schengen-en edo euroan ez bazaude, ez zaude bihotzean».
Eskuinetik gertuegi
Blairrek ezaugarri horiek kontra dituela aitortu dute sozialistek, baina bestelako baldintza bat eskatzen diote EBko presidente izango denari: sozialisten familiako izan behar du. Halaxe erabaki zuten herenegun, Bruselako (Belgika) goi bilera aurretik. Eta, diplomazia iturrien arabera, kontzesio hori egiteko prest legoke Europako Alderdi Popularra ere. Blairrek sustatu zuen erdiko bidea sozialismotik baino gertuago dago eskuinetik.
Bide horretatik, EBko presidente izateko Blair George Bushengandik gertuegi egon zela argudiatu du zenbaitek. Werner Faymannek eta Lean Asselbornek, Belgikako eta Luxenburgoko atzerri ministroek, Irak inbaditzea sostengatu zuela gogorarazi dute.
Blairren kontrako jarrerak orain artean bigarren planoan zeuden hautagaiak nabarmendu ditu. Distira gehien irabazi duena, akaso, Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministroa da; Europa federalaren aldekoen faboritoa da. Eskuineko liderrek nahiago dute, ordea, Jan Peter Balkenende Herbehereetako gobernuburua. Baina hautagaien zerrenda luzeagoa da: Fedrik Reinfeldt Suediako gobernuburua eta, besteak beste, Alemaniako, Espainiako eta Irlandako buruzagi ohiak; hurrenez hurren, Helmut Khol, Felipe Gonzalez eta John Bruton.
Sozialistek ez dute nahi Blair EBko presidente kargurako
Lehen ministro ohia Bushen gertukoa zela gogorarazi dute eta kargua sozialista batek bete behar duela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu