Peer Steinbrueck izango da SPD Alderdi Sozialdemokrataren hautagaia 2013ko Alemaniako hauteskundeetan. 2005etik 2009ra bitartean SPDk eta Angela Merkelen CDU alderdiak osatutako gobernuan Finantza ministroa izan zen Steinbrueck. SPDk azaldu duenez, hautagai horrekin justizia soziala eta finantza-merkatuen erregulatzea izango dituzte aldarri nagusi bozetan. Steinbrueckek esan du «%200» emango duela Merkelen eskuineko koalizioa gobernutik kentzeko.
Orain, Berdeekin akordio bat lortzea izango da sozialdemokraten asmoa. Izan ere, ARD Alemaniako telebista publikoaren arabera, bien arteko koalizio bat gaur egun gobernua osatzen duten demokristauen eta liberalen gainetik dago inkestetan. Hala ere, Steinbrueckek bozetarako falta diren hamabi hilabeteetan gogor borrokatu beharko du. Oraindik Merkel da Alemaniako politikari estimatuena, eta haren alderdi demokristauak ere zazpi puntuko aldea ateratzen die sozialdemokratei.
Steinbrueck hautagai izendatuta, sozialdemokrata tradizionalenen eta klase ertainaren botoa erakartzea espero du alderdiak, horien botoa ezinbestekoa baita Alemaniako bozak irabazteko. Baina hautagaitzak badu alde txarrik ere. Sektore ezkertiarretan etsai asko ditu Finantza ministro ohiak, eta horrek balizko koalizioa ahul dezake. Kontserbadorea izatea eta enpresen eta finantzen menpe egotea leporatzen diote Steinbruecki.
SPDk Finantza ministro ohi bat hautatu du Alemaniako presidentegai
2005etik 2009ra arteko agintaldian, Merkelen gobernuko kideetako bat izan zen Peer Steinbrueck
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu