«Srebrenican ez zen genozidioa gertatu», adierazi du Tomislav Nikolic Serbiako presidente hautatu berriak. «Krimen handi bat gertatu zen Srebrenican serbiarren esku, eta aurkitu, epaitu eta zigortu egin behar dira», gaineratu du. Nikolicen adierazpenek zalantzan jarri dute iraganean besarkatu zituen muturreko ideia nazionalistak atzean utzi ote dituen. Izan ere, jarrera leunduta lortu du lehiakide Boris Tadici garaitzea maiatzeko boztean.
Bosnia eta Hertzegovinako musulmanen artean haserrea eragin du Nikolicek genozidioa ukatu izanak. Bakir Izetbegovic gobernuko kide musulmanak adierazi du ukazioak «tentsio berriak» eragin dituela. Horrez gain, kanpainan Serbiako presidenteak Europaren alde eta Balkanetako harremanak hobetzearen alde agertu duen jarrera zalantzan jarri duela esan du .
8.000 lagun hil zituzten
Ratko Mladic jeneralaren agindupean ziren tropa serbiarrek 8.000 gizonezko musulman hil zituzten Bosnia eta Hertzegovinako Srebrenica hirian 1995ean. Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2007an Srebrenican gertatutakoa genozidioa izan zela onartu zuen. Mladic epaitzen ari dira une honetan Hagan.
Srebrenicako genozidioa ukatu du Serbiako presidenteak
«Krimena» ikertu egin behar dela esan du Nikolicek; Bosnia eta Hertzegovinan haserrea piztu dute adierazpenek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu