Hagako (Herbehereak) lehen auzialdiko epaitegiko -auzitegi arrunta- epaileek gaur jakinarazi dute ez dutela eskumenik Srebrenican (Bosnia-Hertzegovina) 1995ean indar serbiarrek eginiko sarraskiagatik NBE Nazio Batuen Erakundea zigortzeko, honi immunitatea kenduta. Beraz, auzitegi horretako epaileek ez dute sarraskiko 8.000 biktimen senideek -6.000 ama- jarritako salaketa aintzat hartuko.
"NBEren Kartaren 105. artikuluak ez du inolako oinarririk eskaintzen NBEren immunitatea gutxitzeko", dio ebazpenak. Epaileen iritziz, NBEren immunitatea auzitan jartzekotan, nazioarteko epaitegi batek egin beharko du hori, "ez estatu bateko epaile batek".
Srebrenicako genozidioaren biktimen senideen abokatuek NBEri, gertaera horregatik zigortua izan ahal izateko, immunitatea kentzeko eskatu zioten iaz Hagako lehen auzialdiko epaitegiari. Iragan ekainaren 18an abokatuek azaldu zutenez, NBEk bere misioetan duten immunitateak mugak izan behar ditu, eta erakunde horrek bere gain hartu behar du Bosniako gerran (1992-1995) izandako sarraski haren gaineko erantzukizuna.
NBEren eta Herbehereetako Gobernuaren aurkako auzibidea iaz hasi zuten biktimen senideek, Bosniako indar serbiarrek 1995eko uztailean 8.000 bosniar musulman -tartean gizon eta mutikoak- sarraskitu zituztenean NBEren kasko urdin herbeheretarrek hura ez zutela eragotzi argudiatuta. Hain justu, NBEk eremu babestua izendatua zuen hiri hura.
"NBEren mugarik gabeko immunitatea onartezina da, eta erakunde horren sinesgarritasunari kalte egiten dio", azaldu zuten joan den ekainean Marco Gerritsen eta Alexander Hagedorn abokatuek. "Immunitate funtzionalak ez du esan nahi nazioarteko erakundeak erabat legearen gainetik daudela", gehitu zuen Hagedornek. Bi abokatuok Srebrenicako Amak izeneko biktima taldea -6.000 lagunek osatua- ordezkatzen dute.
Herbehereetako Gobernua, akusazioak errefusatzen
Iazko ekainean jarri zuten salaketa Srebrenicako Amek NBEren eta Amsterdamgo gobernuaren aurka, indar serbiarren erasoaren aurrean beren semeak babestu ez zituztela argudiatuta.
Ratko Mladic jenerala buru zuten indarrek milaka gizon eta mutiko bahitu, eta Srebrenicatik kanpo eraman zituzten kamioietan 1995eko uztailean. Guztira 8.000 lagun inguru exekutatu, eta hobi komunetan ehortzi zituzten gero. Genozidioak astebete iraun zuen. II. Mundu Gerraz geroztik izandako sarraskirik handiena izan zen.
Alabaina, Herbehereetako Gobernuaren abokatu Bert-Jan Houtzagersen iritziz, Bosniako indar serbiarrak akusatu behar dira, ez NBE eta Amsterdam. "Bereziki Ratko Mladic jeneralari bota behar zaio errua. Gerra kriminala da". Mladic in absentia auzipetu zuten aspaldi, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian, Hagan ere, baina oraindik ihesean dabil, haren agintari ohi Radovan Karadzic bezala. Hori ere gerra kriminaltzat jo dute.
Mundua
Srebrenicako sarraskiagatik NBEri immunitatea ez kentzea ebatzi du Hagako auzitegi batek
Epaileen esanetan, ez dute eskumenik Bosnian 1995ean izandako triskantzagatik musulmanen 6.000 amek jarritako salaketa bideratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu