Eta Sri Lankakoa ez da salbuespena. Sarraskia eginez, maiatzaren 18an eman zuen amaitutzat Kolonbok 30 urte iraun zuen gatazka. «Erabat aske den herrialdera itzuliko naiz», esan zuen Mahinda Rajapaksa gobernuburuak, Jordaniatik. Gerrilla garaitu zuten zalantzarik gera ez zedin, hedabideek erakutsi egin zuten LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen liderraren ustezko hilotza ere. Telebista kate publiko nahiz pribatuek itxuran Velupillai Prabhakaranena zen gorpua aurkeztu zuten, kopetan tiroa zuela, ahoa eta begiak zabal-zabal. Hiru egun iraun zuen Gobernuaren aldekoen ospakizunak.
Horren guztiaren ostean, garaipenaz harro, beste herrialdeetako gobernuei barruko etsaiari nola irabazi erakusteko prest da Sri Lankako armada. Eta aldi berean kezkati: irlako ipar-ekialdean, garai batean tamil tigreen gotorlekua zen inguruan, beste hainbat base militar eraikitzekotan dira. Haietako bat Kilinochin, gerrillariek galdutako azken hirian hain zuzen. Soldadu gehiago ere errekrutatzekoak dira: 50.000, Sarath Fonseka lehengo armadaburuaren arabera, baina 20.000 Jagath Jayasuriya egungo buruzagiak dionez.
Gerra irakasle
Dena den, lezioak emateko moduan daudela uste du Jayasuriyak. Hori hala, doktrina militar bat idazten ari direla jakinarazi du; ingelesez, nazioartean ere uler dezaten. Era berean, Pakistanek Sri Lankari bere soldaduak entrenatzeko laguntza eskatu diola ziurtatu du. «Baietz erantzun diogu Asif Ali Zardari presidenteari». Sri Lanka bera ere aurreratu zaie balizko eskaerei: «Bide diplomatikoetatik elkarlana proposatu diegu Ameriketako Estatu Batuei, Indiari, Bangladeshi eta Filipinei».
Artean, hizkera militar horren guztiaren zurrunbiloan ito dira biktimak. Edo itotzear dira. Izan ere, duela bi aste gogoz hasi zuen euria, eta Gobernuaren kontzentrazio esparruak gainezka daude. Armadaren eta LTTEren arteko borroketan harrapatuta geratu ziren zibiletatik bizirik geratu ziren guztiak, 219.410 gobernuz kanpoko erakundeen arabera,Kolonbok «etxalde lasaigarriak» deitzen dien lau gunetan daude preso; 199.688 Vavuniyan, 11.086 Jaffnan, 6.179 Tincomaleen eta 140 Mannaren.
Euriteek estolda sistema kolapsatu eta letrinek gainezka egin dute. Vavuniyako 2. eta 4. kanpalekuak izan dira kaltetuenak. «Ura gure dendara satzen hasi eta pare bat minutuan leporaino heldu zitzaigun», azaldu du Aanathi izeneko emakume batek. «Jabetza guztiak galdu ditugu, jada ezin dugu sukaldean ere egin, eta ezin diogu inori laguntza eskatu», dio. «Denak gu bezala daude». Aanathiren kanpalekuak 50.000 lagunentzako lekua du, baina 100.000 inguru daude. «Komunak erabat tapatuta daude, eta gorozkiak igerian dira, euriek ekarritako hosto eta adarrekin nahastuz».
Gaixotasun habi
Giza eskubideen aldeko erakundeak gaixotasun kutsakorrak zabalduko diren beldur dira. Izan ere, gero eta ugariagoak dira beherako, hepatitis, disenteria eta barizela kasuak. Ehunka, bertsio ofizialaren arabera. «Lehenago askatzen ez bagaituzte, edo euri jasek hau guztia garbitzen ez badute, eritasunen batek jota hilko gara», dio Aanathik, gordin.
«Sri Lankako armada milaka zibilen osasuna eta bizia arriskuan jartzen ari da», salatu du horren harira Braad Adamsek, HRW Human Rights Watchen Asiarako zuzendariak. «Legez kanpokoa, arriskutsua eta gizagabea da».
Gobernuz kanpoko erakundeek asteak daramatzate Kolonbori atxilotuta dituenak aska ditzan eskatuz. Gehienek ahaideak dituzte inguruko herrietan, eta haiengana joan litezkeela argudiatzen dute. Anathik, esaterako, Trincomaleen du familia. «Egun eguzkitsuetan infernua ematen du, eta euria egiten duenean, berriz, lokatzetan bizi gara. Trincomaleera joaterik izango banu... Berriz bizitzen hasiko nintzateke», kontatu dio HRWi.
Agintariak, ordea, ez daude horretarako prest. Zibilen artean gerrillariak kamuflatuta daudela uste dute. Hala adierazi du, behinik behin, Gotabhaya Rajapaksa Defentsa idazkariak. Atzerri idazkaria, Palitha Kohona, ere ez da eskuzabalago agertu: «Irrigarria baino maltzurragoa da eskubideez hitz egitea, segurtasuna bermatu ezin denean».
Baina baikorrenek ezarri dute iheslariei ihes egiten uzten hasteko data: 180 egun barru. Sei hilabete behar omen dituzte LTTEren esku zegoen lurretatik minak kentzeko eta berriz ere bizigarri bilakatzeko. Ordurako, akaso, zikinkerian eta Gobernuaren harrokerian itota egongo dira 219.410 tamil.
Militarrek eginiko exekuzioen irudiak zabaldu dituzte
Kalitate eskasekoak badira ere, Sri Lankako armadak gatazkan ustez egindako exekuzioen bideoa ikus daiteke YouTubegunean. Sri Lankako Demokraziaren Aldeko Kazetariak izeneko taldeak jarri du Interneten. Ustez tamilak diren bi laguni bizkarretik nola tiro egiten dieten erakusten dute irudiek.Gatazka armatuaren historia luzea
1815. Erresuma Batuak, te, kafe eta koko sailetan lan egin zezan, tamilak eraman zituen Indiatik Zeilanera.1948. Zeilanek independentzia lortu zuen.
1972. Sri Lanka izena hartu zuen uharteak.
1976. Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak sortu ziren.
1983. Sri Lankako armadaren eta tamil tigreen arteko lehen borrokak izan ziren.
1985. Huts egin zuen bakea lortzeko lehen ahaleginak.
1987. Iparraldeko Jaffna hirian zokoratu zituzten tamilak.
1990. Bigarren gerra hasi zen.
1993. Ranasinghe Premadasa presidentea hil zuten tamilek.
2002. Norvegiako bitartekaritzari esker, gerrillak eta Gobernuak su-etena sinatu zuten.
2005. Borrokak gogortu ziren.
2008. Su-etena amaitutzat jo zuen Gobernuak.
2009ko urtarrilaren 2a. Oldarraldia gogortu zuen armadak, Kilinochi hiriburua hartuz.
Urtarrilaren 25a. Mullaitivu hiria, LTTEren gotorleku nagusia, kontrolpean hartu zuen armadak.
Maiatzaren 18a. Gatazka amaitutzat eman zuten.
Maiatzaren 19a. Gerrillarien esku egon zen eremuan bizi ziren zibilak kontzentrazio esparruetan sartu zituen Gobernuak, gaur arte.
Gordon Weiss. UNOCHAko bozeramailea
«Segurtasunagatik tamilak preso izatea onartezina da»
L. VentasGobernuz kanpoko erakundeei ez bezala, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariei kanpalekuetara sartzen lagatzen die Sri Lankako Gobernuak. Haietakoen egoeraren berri eman dio BERRIAri Gordon Weissek, UNOCHA Giza Kontuen Koordinaziorako Nazio Batuen Bulegoko bozemaileak, telefonoz, Kolonbotik (Sri Lanka).
Sri Lankak ba al dauka kanpalekuetan daudenak askatzeko asmorik?
Sri Lankako agintariek agindu digute urte amaierarako kanpalekuetan dauzkatenen %80 libre utziko dituztela. Bilera asko egin ditugu gaiaz hitz egiteko. Baina guk ez dugu elkarrizketa horietatik ezer garbirik atera. Gobernuak ez digu azaldu nola egingo duen posible agintzen duena. Eta guri kosta egiten zaigu sinestea. Betiko moduan, agintarien aldetik ez dago gardentasunik.
Zein baldintzatan dauzkate?
Egun, 265.000 lagun inguru daude 300 bat kanpalekutan. Denak kanpin dendetan daude, behinbehineko baldintzatan, bihar alde egin beharko balute bezala. Bizirik irauteko adina ur eta janari daukate; beraz, haien bizitza ez dago arriskuan. Baina oso-oso deseroso daude. NBE etengabe ari zaio Gobernuari presio egiten, ahalik eta jende gehiena eta ahal bezain pronto askatu eta etxera joaten utz diezaien. Horretarako, aurretik kanpalekua goitik behera miatu behar dutela diote agintariek, zibilen artean jada gerrillaririk ez dagoela egiaztatzeko.
Tamilek lau hilabete daramatzate Gobernuaren esku. Kanpalekuetako egoera okertu egin al da maiatzaz geroztik?
Tira, neurri batean maiatzean baino hobeto dago jendea. Heldu zirenean asteak zeramatzaten setiatuta. Armadak etengabe bonbardatu zituen, senitarteko asko ikusi zituzten hiltzen eta asko zaurituta heldu ziren. Ahulduta zeuden oso, eta shock egoeran. Asteak behar izan zituzten tamilek indartzeko. Orain hobeto daude, beharrezko jana eta ura badaukatelako eta giza laguntzarako erakundeak sar daitezkeelako.
Nazioarteko Gurutze Gorriak Sri Lankan duen ordezkaritzarekin hitz egin dugu, eta sarrera debekatu egiten dietela esan digute, ordea.
Halaxe da, Gurutze Gorrikoek ezin dute sartu.
Zergatik? Nola justifikatzen du Sri Lankako Gobernuak debekua?
Nazioarteko Gurutze Gorriak larrialdi egoeran baino ez duela esku hartu behar diote, eta egungoa ez dela larrialdi egoera. Ez dela beharrezkoa, beraz.
Eta ez da beharrezkoa?
Kontrakoa diogu guk. Jendea ez da gosez hiltzen ariko, baina krisi egoera da. Goseak ez ditu kezkatzen, baina oso kezkatuta daude; esaterako, hilabeteak daramatzatelako senideak ikusi gabe. Ez dakite ezer haietaz. Eta asko ondoko kanpin dendan bizi dira. Halako egoerak kudeatzen, familiak berriz batzen esperientzi gehien duen erakundea Gurutze Gorria da, eta gure ustez ezinbestekoa da orain haren lana.
Montzoi garaia dator, gainera. Euriteak, uholdeak...
Bai, horri arreta jartzea da lehen egitekoa. Irail amaieran hasiko dira euriteak, urri erdira arte. Duela aste pare bat egin zuen euria gogotik, baina ordubeteko zaparrada izan zen. Hala ere, urez bete ziren kanpin dendak, eta lokatz putzu erraldoi bilakatu zen guztia. Hori ikusita, montzoia etortzen denean ezinezkoa izango da kanpin dendetan bizitzea. Hori saihesteko, jendeari etxera itzultzen utzi behar diote. Kontrakoa gerta ez dadin, kanpalekuak behin betiko bizitoki bilaka ez daitezen oinarrizko laguntza baino ez gara ari ematen.
Kontzentrazio esparru horien helburua tamil etnia desagerraraztea dela salatu du diasporak. Zer deritzozu?
Interpretazio okerra dela. Kontzentrazio esparru kontzeptuak konnotazio jakin batzuk izan zituen XX. mendean, baina Sri Lankakoak ez dira halakoak. Nazioarteko legediak onartzen ditu. Gobernuak inolako segurtasunik gabe bizi den jendea sar dezake kanpalekuetan. Era berean, ez da bidezkoa biztanleria guztia kanpalekuetan edukitzea, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Jende horrek kanpalekuetan denbora gehiegi darama. Segurtasunagatik haiek preso edukitzea onartezina da.
NBEk hori uste izanda, ez al luke bestelako jarrera izan behar Sri Lankarekiko? Erakundeko kideek Sri Lankarekiko harremanak bertan behera uztea, esaterako?
Zuzeneko harremana daukagu Sri Lankako Gobernuarekin, eta hori aprobetxatu egin behar dugu. Hori da NBEren egitekoa, Sri Lankari zuzeneko presioa egitea. Nazioartea esku hartzen hastea baino bide egokiagoa dela uste dugu.
Baina Sri Lankako agintariak ez direla gardenak diozu, eta ez duzuela bileretatik ezer atera.
Haiek konbentzitzen saiatuko gara oraindik ere. Bilera gehiago egingo ditugu.