Sri Lankak amnistia emango die gerrillari tamilei armak utziz gero

Amore emateko prest dauden ekintzaileei gizarteratzen laguntzeko prest agertu da Gobernua, baina ez haien buruzagiei

2009ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Sri Lankako Gobernuak ez du negoziatuko LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreekin, gerrillariek armak utzi artean. Haiek errendituz gero, ordea, amnistia emateko prest agertu da Gotabaya Rajapaksa Defentsa idazkaria. «Armak uzteko baldintzez ez dugu hitz egingo. Baldintzarik gabekoa izan behar du armagabetzeak. Baina errenditzen direnei amnistia eman, duten bokazioaren arabera entrenatu eta gizarteratzen laguntzeko prest gaude». Eskaintza horrek, ordea, behe mailako gerrillariak baino ez ditu barne hartzen. Tamil tigreen buruzagientzat ez legoke amnistiarik, beraz.

Aspaldikoa duen jarrera erakutsi du beste behin Sri Lankako Gobernuak, nazioarteak egin duen deiaren inguruan. Asteartean, AEB Ameriketako Estatu Batuek, EB Europako Batasunak, Japoniak eta Norvegiak armak lagatzeko galdegin zieten gerrillari tamilei, eta, era berean, haiekin negoziatzen hasteko Gobernuari. Atzo, India ere batu zitzaion haien eskaerari. «Hiltzen ari diren zibilengatik sakonki nahigabetuta gaude», adierazi zuen Palaniappan Chidambaram Barne ministroak.

Dena den, gerrillariek askatasuna, duintasuna eta burujabetza bermatu artean ez dutela amore emango adierazi dute behin eta berriz. Eta Gobernua ere ez dago su-etenerako prest. «Zergatik aldarrikatu beharko genuke?», egin du itaun Rajapaksak. «Joan den asteko 48 orduko su-etena, esaterako, eraso suizidak egiteko baliatu zuten. Lehergailuz beteriko kamioiak zartarazi zituzten. Su-etena izan den guztietan LTTEk bere burua indartu du. Horregatik dugu 30 urteko gatazka».

Duela 30 urte hasi ziren, izan ere, Sri Lankako Gobernuaren eta LTTEren arteko liskarrak. Baina urte hasieratik gogortu egin dira. Armadak tigreen gotorleku gehienak bereganatu ditu urtarrilaz geroztik, gerrillak bereak dituen taktikak erabiliz. Soldadu talde txikiak osatu dituzte, oihanean errazago barneratzeko. Hala, hilabeteren buruan, Kilinochi gerrillaren hiriburu sinbolikoa, Mullaitivu hiria eta uhartea Jaffnako penintsularekin lotzen duen Elefanteen pasabidea hartu dituzte militarrek, besteak beste.Eta gerrillak 200 kilometro koadroko oihan eremua, han dauden Visuamadu eta Puthukudiyirippu herriak, eta 32 kilometro kostalde baino ez ditu kontrolpean jada.

Gotorlekuak galduz

Konkista prozesuan urrats bat gehiago egin zuen atzo armadak: LTTEren itsasoko base handiena bereganatu zuen, herrialdearen ipar-ekialdean. Udaya Nanayakkara armadako bozeramaileak eman zuen horren berri, baita basea kontrolatzeko borrokan hamabost ekintzaile hil zituztela ere. Dagoeneko 150 dira armadak azken hiru egunetan hil dituen gerrillariak, beti ere iturri militarren arabera. Era berean, liskarretan hogei soldadu ere hil direla adierazi dute, eta ukatu biktima zibilak egon direla. «Zaurituak badaude, gerrillak giza ezkutu gisa erabiltzen baititu zibilak, baina hildakoak ez, guk dakigunez». Gerrillaren aldeko TamilNet web orrialdeak kontrakoa dio, ordea. Egunak daramatza salatzen armadak zibilak hiltzen dituela, ospitaleei eraso eginda. Atzo bertan eman zuten gisa horretako informazioa. Militarrek Udaiyaarkaddu hiriko erietxea bonbardatu eta zazpi zibil hil zituztela adierazi dute. Erasoaren ondorioz, 27 lagun ere zauritu ziren, eta bi anbulantzia suntsitu.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ere eman du hildako zibilen berri; atzo bertan 52, hain zuzen. Mullaitivuko barrutian dagoen Suranthapuram herrixkari soldaduek egindako erasoan hil ziren guztiak. Era berean, herrialdearen ipar-ekialdean Gobernuak ezarritako «segurtasun eremuan» milaka zibil harrapatuta daudela ere salatu du nazioarteko agentziak. Eta Gurutze Gorriak giza krisiaz ere hitz egin du.

Sri Lankako armadak, bestalde, gehiegikeriatzat jo du giza krisiarena. «Informazio okerra da, propaganda», adierazi du Rajapaksa Defentsa ministroak, eta esan du: «Ez dut esan nahi Gurutze Gorria gezurretan dabilenik, baina zifrak handituta daude». Handituta dauden edo ez jakitea ez da erraza, ordea; kazetariek eta giza laguntzarako kideek ezin baitute borroken tokira sartu esandakoak berrestera.

Sri Lankako ipar-ekialdea estatu independentea izan dadin ari da borrokan LTTE. Tamil etnia da nagusi eremu horretan, eta hinduistak dira. Baina lurraldeko gainerako beste eremuak zingalesak dira, budistak.



Zenbakia

250.000

Harrapatutako zibilak. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 250.000 zibil inguru daude harrapatuta gatazka eremuan. Militarrak horiek hiltzen ari direla salatu dute gerrillariek, eta armadak ukatu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.