Sri Lankak gaur arteko epea eman die gerrillari tamilei amore emateko

Borroka eremuan harrapatuta dauden milaka zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea egozten diote elkarri armadak eta gerrillak

arantxa elizegi egilegor
2009ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Duela mende laurden hasitako gatazka amaitzear da Sri Lankan.Armadak hogei kilometro koadroko -Donostiaren herena- eremuan setiatuak ditu gerrillariak, eta gaur goizera arteko epea eman die armak uzteko. «Velupillai Prabhakaran gerrillaburuak eta bere talde terroristak 24 ordu dituzte amore emateko. Horren ostean, eraso militarra hasiko dugu», ohartarazi du Defentsa Ministerioko eledun Keheliya Rambukwellak. Arazoa da, ordea, Gobernuak eremu segurua deituriko horretan milaka zibil daudela harrapatuta, eta militarrek aurkakoa esan arren, bonbak maiz eremu zibiletan erortzen direla.

Sri Lankako Gobernuaren arabera, atzo emandako 24 orduko su-etena ez da bakarrik gerrillariek armak utz ditzaten, baita haien kontrolpeko lurretan harrapatutako zibilak handik irten daitezen ere. Gobernuaren esanetan, atzo 25.000 herritar inguruk lortu zuten tamil tigreen menpetik ihes egitea. Baina errefuxiatu guneetara sartzeko ilara egiten ari zirenean -armadaren hitzetan- gerrillariek eraso suizida egin zuten, eta gutxienez hamazazpi lagun hil. LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak gerrillak salatu du, ordea, armada bera izan zela zibilak zeuden inguruan luku bonbak zartarazi zituena, kaosa eragin eta handik aterarazteko. Azken horien arabera, 300 inguru izan dira hildakoak, eta 600dik gora zaurituak. Kazetari eta Gurutze Gorriko langileek debekatua dute borroka eremuan sartzea, beraz, ezinezkoa da jakitea nor ari den egia esaten.

Zalantzarik ez dagoena da 100.000 zibil inguru daudela borroka eremuan preso. Tamilak Genozidioaren Aurka erakundeko kide Elias Jeyarajah-k, baina, gezurtatu du denek handik ihes egin nahi dutela. «Guk zuzeneko harremanak ditugu hango jendearekin, eta egoera ez da dioten bezain argia. Zibiletako askok ez dute handik atera nahi, Gobernuak desplazatu guneetan itxiko dituen beldur direlako». Nazioarteak gatazkan ez esku hartzea ere gaitzetsi du erakundeak. «Nazioarteko komunitateak ezin du geratu begira genozidioa nola egiten duten». Azken egunotan, bai Europako Batasunak eta baiAEBek su-etena aldarrikatzeko exijitu diote Sri Lankako Gobernuari, baina hark uko egin dio behin eta berriz. Horren haritik, gainera, Txina eta Errusiaren sostengua jaso du Kolonbok. Azken horien ustez, tamil tigreen aurkako gerra «barne gatazka» da, eta ez du eraginik nazioarteko segurtasunean.

Aukera bakarra

Iturri ofizialei kasu eginez gero, milaka lagunek lortu dute borroka eremutik ihes egitea azken egunetan. Horiek guztiak desplazatu guneetara eramaten dituzte militarrek, baina han ere preso izaten jarraitzen dute, eta euren egoera ez da askoz hobea. Duela aste batzuk arte gerrillarien menpe zegoen Vavuniya herritik gertu dago, esaterako, Menik Farm gunea. Hango arduradun Piency Charlesen esanetan, desplazatuak beste herritarrengandik banatuta mantentzea da agintarien asmoa. «Tamil tigreak zibilekin batera sartu diren beldur da Gobernua. Herritar guztien segurtasunak kezkatzen gaitu. Hemengo jendea askatzen badugu, kanpoko segurtasuna jarriko dugu arriskuan». Bertakoak, berriz, kexu dira ez dagoelako denentzat adina aterpe, ez eta janari edo botikarik ere. «Bero egiten du, eta osasun arazo larriak ditugu. Haurrak eztula eta beherakoa dute. Ezin dugu hemendik irten, hesiaren alde honetan egon behar dugu», dio Kumarrek.

Eremu segurua deitutakoan egoera ez da hobea. Gurutze Gorriak ohartarazi du erietxeak jendez gainezka daudela eta ez daukatela baliabide nahikorik gaixo guztiak artatzeko. Tamil tigreek armadari egozten diote herritarrak giza ezkutu gisa erabiltzea, eta Gobernuak, berriz, gerrillari. NBE Nazio Batuen Erakundeak bat dator agintariekin. «Begirale gisa argi dugu LTTE izan dela zibilak borroka gunean itxita eduki dituena. Gerrillak taldeka exekutatu ere egin ditu beren menpeko lurraldetik atera ez zitezen», salatu du NBEren eledun Gordon Weissek.

Bestetik, gerrillaren aldeko Tamilnet webgunean salatu dute ostirala eta larunbata bitartean 60 zibil hil zirela setioaren ondorioz, eta beste asko hilzorian daudela elikagairik eta edateko urik ez dutelako. «Ahia oinarrizko elikagai bilakatu da, arima eta gorputzari eusteko. Lehenbailehen esku hartzen ez badute, datozen egunetan biktima gehiago eragingo ditu setioak», ohartarazi du LTTEko kide batek.

Gobernuz kanpoko erakundeen salaketak direla medio, NBEren Segurtasun Kontseiluko txandakako presidente Claude Heller mexikarra prest agertu da Sri Lankako gatazka erakundearen aurrera eramateko. 1983an hasi zen Sri Lankako gerra. Ordutik, gutxienez 70.000 lagun hil dira, gehienak zibilak. Tamilak gehiengoa diren eremuen -iparraldea eta ekialdea- independentzia bilatzen du LTTEk.



Zenbakia

10.000

Salbatutako zaurituak. Borrokak direla eta, Gurutze Gorriak itsasoz atera behar ditu gatazka gunean harrapatuta dauden zauritu eta gaixoak. Aldiro, 400 atera ditzake. Otsailetik 10.000 salbatzea lortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.