Sri Lankak irlan sartzea debekatu dio Suediako Atzerri ministroari

Tamil gerrillak salatu du armadak 11 herritar hil dituela LTTEren kontrolpeko eremua bonbardatuta

Erredakzioa
2009ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Sri lankako Gobernuak jakinarazi zuen atzo Kolonbo hiriburura gaur iristekoa zen Suediako Atzerri ministro Carl Bildti ez diola sartzeko bisarik eman. Bildtek joan behar zuen Erresuma Batuko Atzerri ministro David Miliband eta Bernard Kouchner Frantziakoarekin batera. Hiru diplomaziaburuek Sri Lankako presidente Mahinda Rajapakserekin hitz egin behar zuten, tamil gerrillaren kontrako erasoaldian su-etena onar dezan konbentzitzeko asmoz.

Kolonboko gobernuak ez du zehaztu zergatik debekatu dion Bildti herrialdean sartzea. «Beste aldi batean ongi etorria izango da», nabarmendu du soilik. Bildtek, baina, haserrez hartu du Sri Lankako Gobernuaren erabakia. Stockholmek jakinarazi du Sri Lankan daukan negozio arduradun Borje Mattsoni etxeratzeko agindu diola. Bildtek, anartean, zehaztu du bera gabe ere Kolonbora joango direla gaur bertan Miliband eta Kouchner. Erresuma Batuak eta Frantziak, halaber, albistea baieztatu zuten.

Salaketak eta ukazioa

LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak erakundeak salatu du Sri Lankako armadak bonbardatzen jarraitzen duela bere azken gotorgunea, han milaka zibil dauden arren. Azken erasoan gutxienez 11 herritar hil dira. Astelehenaz geroztik, 139 lagun zauritu dituztela diote gerrillari tamilek. Sri Lankako armadak, ordea, akusazio horiek gezurtatu ditu, arma indartsuak erabiltzeari utzi diola berretsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.