Sri Lankako armadak eskola bati eraso diola eta 61 haur hil dituela salatu dute gerrillari tamilek

Colombon, jomuga ustez Pakistango enbaxadorea zuen atentatu batean, zazpi lagunek bizia galdu dute

2006ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreek kontrolatzen duten eskualde batean eskola bat bonbardatu eta 61 haur hil hiltzea leporatu zion atzo armadari gerrilla tamilak. Mullaithivu herrian izan zen erasoa. Bezperan, berriz, armadak eliza bati eraso egin ziola eta bertan gerizatuta zeudenen artean hamabost lagun hil zirela jakinarazi du LTTEk.Allaipiddy herrian izan zen eraso hau. Pakistango enbaxadorea ustez jomuga zuen atentatu bat izan zen atzo, bestetik, Colombon. Zazpi lagun hil eta beste zortzi zauritu ziren.

Mullaithivuko barrutian -ipar- ekialdea- kokatutako eskolari airez erasozion armadak. LTTEk zabaldutako agiriaren arabera, eskola horretan aurkitzen ziren haurrak medikuntza ikastaro batean parte hartzen ari ziren. Bonbardaketa horretan, gutxienez 61 haur -neskatoak guztiak-hil direla eta hogeitik gora zauritu adierazi zuen gerrillak: «Biktimen kopurua handiago izango den beldur gara».

Colomboko gobernuak, ez zuen erasoaren inguruko argibiderik eman. Sri Lankako armadako goi arduradun batek zehaztu zuen eskualdean ekintza militarrak indarrean zeudela atzo, aurreko egunetan bezala.

Mullaithivuko eskolan izandako sarraskiaz gain, armadak bezperan beste triskantza bat egin zuela salatu du gerrilla tamilak. «Gutxienez hamabost herritar hil ziren eta beste hogei bat larri zauritu indar militarrek egindako tiroketetan eta bonbardaketetan». Allaipiddyko eliza izan zela erasoaren jomuga salatu zuen gerrillak. Jaffnako penintsularen muturrean dagoen uhartetxo batean dago Allaipiddy.

Jaffnako eskualde horretan, hain zuzen ere, borroka oso gogorrak daude joan den aste amaieraz geroztik. LTTEko 200 gerrillari tamil eta 60 soldadu hil direla zehaztu du Sri Lankako Defentsa Ministerioak. Aurreko asteotan borroka gogorrak egon dira Trincomaleen. Maavilaruko ubidearen gaineko kontrola bereganatzea izan da gatazka piztu izanaren arrazoia. Uztailaren amaieratik milaka pertsona ihes egin behar izan dute euren etxeetatik. ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak gatazkak 50.000 desplazatu eragin dituela eta hauek aterperik, janaririk eta urik gabe daudela ohartarazi du.

Sri Lankako hiriburuan ere odola isuri zen atzo. Colombon izandako leherketan zazpi lagun hil ziren eta beste zortzi zauritu, gutxienez. Kale bazterrean ezkutatu izan zen lehergailu batek eztanda egin zuen.Bashir Wali Mohamed Pakistango enbaxadorea eramaten zuen autoa albotik igarotzean leherrarazi zuten bonba. Sri Lankako gobernuari armak hornitzen dizkion herrialdeko enbaxadorea atentatuaren jomuga zela uste da. Enbaxadorea onik eta salbu irten bazen erasotik, haren lau bizkartzainek eta kaletik zihoazen beste hiru lagunek bizia galdu zuten leherketan. Colomboko agintariek tamil tigree egotzi die atentatuaren erantzukizuna.

ELKARRIZKETA PROPOSAMENIK EZ. Sri Lanka armadaren eta gerrilla tamilaren arteko borroka hauek azken lau urteotan izandako gogorrenak dira. 2002. urteko otsailean bi aldeek hitzartutako menia, hala ere, ez da oraindik ofizialki hautsita. Gerra, baina, agerikoa da eta su-etenaren bermerako nazioarte misioa (SLMM) ahalegin guztiak egiten ari da egoera baretzearren.

LTTEk, ildo horretan, gezurtatu egin zuen gobernuari bake elkarrizketei berriro ekiteko proposamen bat egin zionik. Sri Lankako gobernuak ziurtatu zuen, aldiz, gerrilla tamilaren proposamen horren berri izan zuen herenegun nazioarteko ikuskatzaileen bitartez. «SLMMko ordezkari buruari azaldu diodana da gobernuak, ezduela, antza, bakebidea bultzatzeko asmorik, nahiz eta guk, behin eta berriro, horretarako keinuak egin ditugun» adierazi zuen tamilen negoziatzaileen buru S. Puleedevanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.