SRI LANKAKO GATAZKA. AZKEN ERASOALDIA. NBEk dio Sri Lankako «sarraskian» ehundik gora haur hil dituztela

Asteburuko borroketan 380 zibil hil dira, mediku iturrien arabera; tamilek, berriz, armadak 3.200 hil dituela diote

2009ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Sarraskia» izan da. Nazio Batuen Erakundeak iragarri zuen halakorik gerta zitekeela, baina pasa den asteburukoa ikusita, agerikoa da ez diotela jaramon askorik egin. NBEk emandako datuak dira: asteburuan bakarrik 380 zibil hil dira Sri Lankan; hildakoen artetik ehundik gora haurrak dira. LTTE Tamil EelamAskatasun Tigreek, baina, egoera are tragikoaren berri eman dute: herenegungo arratsaldeaz geroztik armadak 3.200 zibil hil ditu. Sri Lankako Gobernuak ez du zenbakirik eman, gatazkan hiltzen ari diren milaka herritarren auzia kontu minbera bihurtu baitzaio; hala ere, eurek ez dituztela errugabeak hiltzen adierazi du enegarrenez, eta gertatutakoaren erantzukizun osoa tamil tigreei leporatu die.

«Sarraskiaren arriskuaz ohartarazi dugu behin baino gehiagotan. Hildako zibilen kopuruak, azkenean, iragarritakoa errealitate bihurtu dela baieztatzen du». Hala salatu du Gordon Weissek, NBEko bozeramaileak. Izan ere, tamil tigreek euren azken gotorlekuari eusteko ahaleginak egiten ari dira -soldaduek 2,5 kilometro koadroko lur eremuan dituzte inguratuta-. Eta armadak, berriz, gerrillariekin amaitzeko asmo irmoa du; kosta ahala kosta aldarrikatu nahi du garaipena. Gatazkaren parte diren bi aldeen artean, ordea, milaka herritar daude, gatazka gunetik ezin irtenda. Haien egoerak kezkatzen du nazioartea. Borroka gunean dauden mediku iturriek ematen diote motiborik.

Borrokak gertatzen ari diren aldea itxita dago. Handik iristen diren datuak urriak dira; elkarren artean kontraesankorrak kasik beti. Nazioarteko langileei ere gatazka gunera hurbiltzea galarazi diete, eta horrek zail egiten du giza hondamendiaren tamaina ezagutzea, dagoeneko hondamendia egon badela ukaezina den arren: NBEren arabera, azken hiru hilabeteetan 6.5000 zibilek galdu dute bizia. 25 urtez luzatu den gatazka armatuan, 70.000 lagun inguru hil dira; gehienak zibilak. Eta milaka dira, indarkeriatik ihesi euren etxeak atzean utzi behar izan dituztenak.

Bi alde, bi bertsio

«Gatazka eremuan dauden medikuek emandako datuak ontzat jotzen ditugu. 380 lagun hil direla jakinarazi digute horiek, baita hildakoen artean ehundik gora haur daudela ere». Borroka gunetik iritsitako datuak dira Nazio Batuen Erakundeak esku artean dituenak; haietan oinarrituta salatu du azken egunetan gertatutakoa sarraski hutsa izan dela. Ez du, hala ere, horren erantzule zein den zehaztu. Gobernuaren eta gerrillaren bertsioak, haatik, ez datoz bat.

«Armadaren bonbardaketetan bizia galdu duten herritarren kopurua gora egiten ari da, ez baitute ez botikarik ez elikagairik. Gobernuak oinarrizko gaien hornikuntza mugatu edota moztu du», dio tamilnet gerrillaren aldeko webguneak. Lawrence Christy Tamilak Birgaitzeko Erakundeko zuzendariak, halaber, «genozidioa» gelditzeko esku har dezan eskatu dio nazioarteari.

Biktima zibilak ekidite aldera, Gobernuak arma astunak alde batera uzteko eskatu zion armadari, iragan apirilaren 27an. Ez du hala egin, gerrillak salatu duenez; kontrakoa esan badu ere, Mullivaaykaal eta Vadduvaakal bonbardatzen segitu dutela dio. Bi horiek dira LTTEren esku gelditzen diren gune bakarrak. Urtarrilean «azken erasoaldiari» ekin zionetik atzera egin du, izan ere, LTTEk. 2,5 kilometro koadro eskasetan daude orain. Hala ere, ez dute amore eman.

«Arma astunekin egiten die eraso herritarrei, eta gero Sri Lankako indar militarrei botatzen diete errua. Hala, nazioarteak eskua luzatuko diela uste dute. Ez da euren arimak salbatzekotrikimailu bat besterik». Beste behin, Gobernua ez dator bat LTTEk emandako bertsioarekin. Horren ustez, tamil tigreak dira biktima zibilak eragiten dituztenak. «Gerrilla ez da gai Sri Lankako indarrei aurre egiteko. Nazioarteko lagunen beharra du horregatik, eta haien arreta bereganatzeko edozer egiteko prest da. Hori hala, beste behin zibilak jomuga hartu ditu», adierazi du Defentsa Ministerioak.

NBEren arabera, 50.000 lagun inguru daude gatazka gunean; baina, harrapatutako zibilen kopurua 100.000 arteko ere izan litekeela onartu du nazioarteko erakunde horrek berak. Zenbaki guztiak dira lausoak, izan ere, Sri Lankan. Herrialdean den giza laguntzarako langile batek EFE berri agentziari jakinarazi dionez, «ezinezkoa» da benetan gertatzen denaren berri izatea. Hala ere, bere susmoak agertu ditu: «Airetik bonbardaketak egiteko ahalmena duten indar armatu bakarrak Gobernuaren menpekoak dira».

Gerrillaren aurkako kolpea

«Ospitalean hiltzen direnen kopurua gora ari da egiten etengabe, baina ez dugu inolako laguntzarik». V. Shanmugarajah gerra eremuan dagoen ospitale bateko medikua da. Asteburuko oldarraldiak gain hartu eta osasun zentroetara ailegatutako dozenaka zauritu ezin artatu geratu direla ohartarazi du. Hala, borroketan zauritutakoetako batzuk eurengana ailegatzea lortzen badute ere, asko ospitalean bertan hiltzen direla ohartarazi du. Atzo, larunbatean laguntza eske iritsi zirenetatik gehienek itxaron gelan jarraitzen zuten.

Armadak zauritutakoen artean da Ilanthirayan, LTTEko bozeramailea. Hala jakinarazi dute tamilnet-ek; herenegungo borroketan, Sri Lankako soldaduek larriek zauritu zutela. Alabaina, ez da gerrillak azken egunetan jaso duen kolpe bakarra. Pasa den ostiralean, izan ere, itsasoko indar armatuetako bigarren burua, Wellayan, hil zuten soldaduek. Iturri ofizialek eman dute hildakoaren berri.



'Terroristekin elkarlanean' aritzeagatik, kartzelara

Erresuma BatukoTamilen Elkartearen sortzaile Arunachalam Chrishanthakumarri kartzela zigorra ezarri diote, terrorismoari lagundu izana leporatuta. Erresuma Batuan bizi diren diasporako beste hainbat lagun daude auzipetuta, LTTE Tamil Eelam Askatasun Tigreekin internet bidezko harremana izateagatik.

%99

Independentziaren alde, Norvegian. Vaddukkoaddai Erresoluzioren baliotasuna neurtzeko erreferenduma egin zuten herenegun Norvegian. 1977ko bozetan aurkeztu zuten, eta nazio tamilaren independentzia aitortzen du. Haren alde egin du diasporaren %99k.





Gatazka armatuaren historia luzea

1815. Erresuma Batuak te, kafe eta koko sailetan lan egin zezaten, tamilak eraman zituen Indiatik Zeilanera. Hinduistak ziren, eta Zeilango biztanleak, zingales etniakoak, budistak.

1948. Zeilanek independentzia lortu zuen.

1972. Sri Lanka izena hartu zuen uharteak.

1976. Tamil Eelam Askatasun Tigreak sortu ziren.

1983. Sri Lankako armadaren eta tamil tigreen arteko lehen borrokak izan ziren.

1985. Huts egin zuen bakea lortzeko lehen ahaleginak.

1987. Iparraldeko Jaffna hirian zokoratu zituzten tamilak.

1990. Bigarren gerra hasi zen.

1993. Ranasinghe Premadasa presidentea hil zuten tamilek.

1995. Tamilen kontrako hirugarren gerra hasi zuten.

2002. Norvegiako bitartekaritzari esker, gerrillak eta Gobernuak su-etena sinatu zuten.

2005. Borrokak gogortu ziren.

2008. Su-etena amaitutzat jo zuen Gobernuak.

2009ko urtarrila. Tigreen gotorlekuak bereganatu zituzten.

Apirilaren 21a. Amore emateko Gobernuak jarritako epea amaitu zen.

Apirilaren 23a. 12 kilometro koadrotan inguratu zuten LTTE.

Maiatzaren 11a. Asteburuko erasoetan milaka zibil hil izana egotzi zioten tigreek armadari.



Thileepan Parthipan. Tamil Tigreen bozeramailea
Kilometro koadro gutxitan inguratuta egon arren, armak ez dituztela utziko ziurtatu du LTTEko ordezkariak. Sri Lankako Gobernuak ukatu arren, armadak egunero bonbardatzen dituela salatu du.

«Kontzentrazio esparruetan gorde nahi gaituzte, gure nazioa desagerrarazteko»

Leire Ventas

Giza kontuez baino ez duela jardungo ohartarazi du Thileepan Parthipanek, Pulmoddai izeneko herrixkatik (Sri Lankako ipar-ekialdea). LTTE Tamil Eelam Askatasun Tigreen bozeramaleak gatazka eremutik, kazetariak eta giza laguntzaileak sartu ezin duten tokitik, hitz egin du BERRIArekin.

Zer ari da gertatzen gerraeremuan?

Egoera oso zaila da. Egunero ari da jendea hiltzen, Sri Lankako armada erasotzen ari delako. Gu bonbardatzen ari dira, egunero-egunero. Gainera, jana eta botikak defentsa gisa baliatzen dituzte. Bahimendu ekonomikoa jarri digute, elikagaiei eta botikei dagokienez.

Gobernuak gosez hil nahi zaituztela salatu duzue. Gosea gerrako estrategia gisa erabiltzea leporatu diozue.

Sei hilabete da gure lurraldera haragirik edo barazkirik heltzen ez dela, Gobernuak blokeatu egin gaituelako. Gerra egiteko beste modu bat da. Horrekin gure jendea pixkanaka-pixkanaka hiltzen ari dira.

Bi bertsio iristen dira beti, erabat kontrajarriak. Sri Lankako Gobernuaren arabera, jada ez dute arma astunik erabiltzen. Zuek, ordea, bonbardatzen ari direla salatu duzue.

Jada ez dutela arma astunik erabiltzen esaten dute, baina jende errugabea ari dira hiltzen egunero, fusilak, kanoiak eta suntsipen handiko armak baliatuz.

Gatazka eremuan ez dago kazetaririk eta giza laguntzailerik. Lerrokatu gabeko lekukorik ez dago, beraz. Orduan, zergatik sinistu zuek diozuena eta ez armadak esaten duena?

Propaganda egiten dugula dio Sri Lankako Gobernuak, baina beraiek dira hori egiten dutenak. Gu gure jendearen askatasunaren alde ari gara borrokan, ez dugu propagandarako denborarik. Gure jendeak Gobernuaren kontra jardun behar du. Haienak dira baliabide guztiak. Guk ez daukagu batere, armak izan ezik

Zibilak erreskatatzen ari direla dio Gobernuak, baina haiek esklabo egin nahi izatea egotzi diozue zuek.

Gatazka gunetik ateratzen den jende guztia biltzen ari dira, kontrolpean edukitzeko. Lau gunetan banatzen dituzte. Eta haietan esklabo gisa daukate gure jendea. Egunero iristen da jendea guneetara, eta ez diete jaten ematen. Ez dituzte sendatzen. Ez diete nazioarteko agentziei haiek elikatzeko, haiei laguntzeko baimenik ematen. Gure jendea pixkanaka desagertarazi nahi dute.

Gazteak atxilotze gune horietatik atera, eta galdekatzeko beste gune berezietara eramaten dituztela ere esan duzue. Zertarako?

Atxilotze guneetara eramandakoen artean tigreak egon daitezkela uste dute. Horregatik bereizten dituzte gazteak, errebeldeak direlakoan. Haiei informazioa ateratzen saiatzen dira.

Zer gertatu da urtarrilera arte zuen eskuetan zegoen lurraldearekin? De factogobernua zeneukaten.

Handik atera zuten gure jendea eta atxilo guneetara eraman. Ondoren lur haiek zingalesei eman dizkiete. Tamil guztiak kontzentrazio esparrutan gorde eta lurralderik gabe utzi nahi gaituzte; eta horrela gure nazioa desagerrarazi dute.

Nazio Batuen Erakundeak LTTEri armak uzteko eskatuta genozidioa babesten ari dela diozue. Lerrokatuta dago Segurtasun Kontseilua?

Orain artean gure jendeak modu baikorrean ikusi du NBEren egitekoa. Agentziek gure lurraldean jardun dute lanean, laguntza ematen. Orain zera espero dugu NBEtik: Sri Lankako Gobernuaestu hartzea, gerra geldi dezan. Gure jendea izugarri ari da sufritzen. Hildakoak daude egunero, eta ehunka zauritu. NBEk Gobernua geldiarazi behar du, kosta ahala kosta.

Su-etena eskatu duzue. Zergatik? Gerra galtzekotan zaretelako?

Hori ez da horrela. Su-etena eskatu izan badugu, gure jendea asko sufritzen ari delako da. Hala izan da aurrekoetan ere. Eta Gobernuak hautsi ditu orain arteko hitzarmen guztiak. Gure jendea gatazka eremutik atera nahi dugu ontziekin. Horregatik eskatu dugu su-etena.

Kilometro koadro gutxitan zaudete, armadak inguratuta. Zergatik ez ditu LTTEk armak uzten?

Hori gai militarra da, baina gauza bakarra esango dizut: arma horiek gure jendea salbatzen ari dira.

Egunero hiltzen ari dira, ordea.

Gure jendearen eskubideak defendatzeko dira armak, eta haiek bermatu artean ezin ditugu utzi. Ez dugu amore emango.







Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.