SRI LANKAKO GATAZKA. ERREFUXIATU TAMILAK. Gaur, atzo eta bihar bezala

Sri Lankako atxilotze guneetan sei hilabete daramatzate 200.000 tamilek. Presidenteak azaroaren erdian etxean izango zirela agindu zuen, baina urtarrila arte atzeratu du orain erabakia.

2009ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Joan den hileko erreportajea izan zitekeen hau, eguna aldatuta. Baita datorrenekoa ere, itxura guztien arabera. Menik Farmeko egoera ez baita gaurtik biharrera aldatuko, atzotik gaurko egunera aldatu ez den moduan.Gatazka eremuan harrapatuta geratu ziren tamil zibilentzat Sri Lankako Gobernuak eraikitako atxilotze gune handiena da Menik Farm; horixe baita, hain zuzen, iheslari gunea baino gehiago.Vavuniya hirian dago, herrialdearen iparraldean. Bertan bihar alde egin beharko balute bezala bizi dira 200.000 lagun inguru. Edo hala dirudi, behintzat, lehen begiratuan. Kanpadendetan bizi dira duela sei hilabetetik; Gobernuak bertara eraman eta irtetea debekatu zienetik, hain justu.

Baina badira Menik Farmekoa behin-behineko egoera ez den erakusle argiak. Gobernuaren gunean argindar posteak eta bankuak daude, baita kutxa automatikoak ere. Dendatxoak ere jarri dituzte kanpalekua inguratzen duen lur gorrizko errepidean; janari postuak dira negozio gehienak, baina ia inork ez du bertan ezer erosteko dirurik.

Ur biltegiak daude nonahi, edozein herritan bezala. Baina haietako ura ezin da edan. Errekatik deposituetara doa, zuzenean. «Ikusi duzu kolorea?», galdetu dio emakume batek Katy Attfieldi. Nazioarteko Garapenerako Departamentuko aholkularia da Attfield, eta Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkari gisa izan da Menik Farmen. «Ibaiko ura da, baina bainatuko al zinateke zu horrekin?», itaun egin dio emakume tamilak.

Segurtasuna aitzakia

Era berean, hainbatek lorategi dotorea dauka jada denda atarian. Maiatzean landatu zituzten loreak, eta sei hilabeteotan plastiko zuriko kanpinei itxura abegikorragoa emateraino hazi dira. Kanpalekuan horiek bezainbeste errotu dena, ordea, etsipena da. Charles Haviland kazetariari, erreportaje bat egiteko Menik Farmen izan zenean, apenas utzi zioten ibilgailutik jaisten. Dozenaka lagun jarri zitzaizkion autoko kristalaren kontra, «atera gaitzazu hemendik» oihukatuz.

Izan ere, ez dute Gobernuak laster ateratzen utziko dien esperantza handirik. Mahinda Rajapaksa presidenteak irail amaierarako %80 etxean izango zirela agindu zuen abuztuan. Irail amaieran hasi zen montzoien garaia, eta jakinekoa zen kanpalekuan uholdeak izango zirela. Hura izan zen Rajapaksak hitza jan zuen lehen aldia. Irail hasieran epea luzatu egin zuen, azaro erdialdera. Esandakoa bete izan balu, etxean leudeke iheslariak. Baina datorren urteko urtarrilera arte itxaron beharko dutela jakinarazi berri du Rajapaksak. Gutxienez hiru hilabete behar omen dituzte zibilen artean LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen esku zeuden lurretatik minak kentzeko eta berriz bizitzekomoduan uzteko.

Horixe bera argudiatu zuen, hitzez hitz, irail amaierarako guztiak etxean izango zirela agindu zuenean. 200 bat mila zibil oraindik preso edukitzeko benetako arrazoia, baina, Defentsa idazkari Gotabhaya Rajapaksak argitu du. Zibilen artean gerrillariak kamuflatuta daudela uste dute agintariek. Bere burua zuritzeko, jada 15.000 laguni etxera itzultzen utzi dietela azaldu du. BBC hedabidearen arabera, ordea, ez dituzte askatu; haien bizitokitik gertuago dagoen «trantsizio gune» batera eman dituzte.

Gerra krimenak

Europako Batasunak kargu hartu dio jada. «Nazioarteko legedia urratzen ari da Sri Lanka, arrazoirik gabe zibilak atxilotze guneetan edukita», zioen dokumentua adostu zuten EBko Atzerri ministroek, Luxenburgon. Europako Batzordeak urriaren 19an ohartarazi zion, zibilei etxera itzultzen uzten ez bazien herrialdea zigortuko zuela. Era berean, LTTEren kontrako erasoaldian gerra krimenak egin zituzten ikertzeko batzorde bat eratzea galdegin diote AEB Ameriketako Estatu Batuek Sri Lankako Gobernuari. AEBetako Gobernuak Kongresuari 68 orriko txosten bat entregatu ostean egin zion eskaria Sri Lankari. Ikerketa horrek gizateriaren kontrako balizko krimenak jasotzen ditu. Rajapaksanek batzorde «independentea» osatuko duela ziurtatu du.

Tamilak, baina, horren zain daude oraindik; eta nazioartearen hitzek Sri Lankako presidentearen promesek bezainbeste konbentzitzen dituzte. Esperantzak ez du tarte handirik.



Armadako buruak karguautzi du, bozetan lehiatzeko

Sarath Fonseka jeneralak, Sri Lankako armadaburu kargua utzi du. Eta, itxura guztien arabera, presidentetzarako bozetan lehiatzea da haren helburua. Hala balitz, Mahinda Rajapaksa presidentea izango luke aurkari. Hark jakinarazi du jada aurkeztuko dela. Fonsekak zuzendu zuen LTTEren kontrako erasoa.





Gatazka armatuaren historia luzea

1815. Erresuma Batuak te, kafe eta koko sailetan lan egin zezaten, tamilak eraman zituen Indiatik Ceilanera.

1948. Zeylanek independentzia lortu zuen.

1972. Sri Lanka izena hartu zuen uharteak.

1976. Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak sortu ziren.

1983. Sri Lankako armadaren eta tamil tigreen arteko lehen borrokak izan ziren.

1985. Huts egin zuen bakea lortzeko lehen ahaleginak.

1987. Iparraldeko Jaffna hirian zokoratu zituzten tamilak.

1990. Bigarren gerra hasi zen.

1993. Ranasinghe Premadasa presidentea hil zuten tamilek.

2002. Norvegiako bitartekaritzari esker, gerrillak eta Gobernuak su-etena sinatu zuten.

2005. Borrokak gogortu ziren.

2008. Su-etena amaitutzat jo zuen Gobernuak.

2009ko urtarrilaren 2a. Oldarraldia gogortu zuen armadak, Kilinochi hiriburua hartuz.

Urtarrilaren 25a. Mullaitivu hiria, LTTEren gotorleku nagusia, kontrolpean hartu zuen armadak.

Maiatzaren 18a. Gatazka amaitutzat eman zuten.

Maiatzaren 19a. Gerrillarien esku egon zen eremuan bizi ziren zibilak kontzentrazio esparruetan sartu zituen Gobernuak, gaur arte.



Nicolai Steen.DARA erakundeko ikertzailea
Sri Lankan krisia lehertu aurretik nazioarteak egindako lan humanitarioa eta politikoa ez zela egokia izan ondorioztatu du Steenek, baina arazo larriena Gobernuaren jarrera itxia dela dio.

«Gobernua garbiketa etniko moduko bat egiteko ari da baliatzen egoera»

L. Ventas.

Giza eragileen lana ikuskatu eta kontrolatzea da DARA Garapenerako Laguntzaren Ikerketarako Erakundearen helburua. Hamahiru herrialdetako krisiak aztertu, eta Giza Erantzunaren Indizea 2009 argitaratu berri dute. Besteren artean, Sri Lanka du hizpide txostenak. Han izan zen Nicolai Steen (Kopenhage, Danimarka, 1971), eta ikusitakotik ondorioztatutakoa kontatu du.

Txostenean Sri Lankari eskaintzen diozuen kapituluak Iragarritako sarraskiabideratzenizenburua du. Hori irakurrita ez dirudi giza eragileek oso lan ona egin dutenik.

Aspalditik igar zitekeen giza krisia izango zela, eta iruditzen zaigu krisia lehertu aurretik egindako lan humanitarioa eta politikoa ez dela egokia izan. Baina arazo nagusia Sri Lankako Gobernuaren jarrera izan da; nazioarteko eragileen kontrakoa, kasik. Horrek Sri Lankako Gobernuaren eta atzerriko gobernuek uhartean dituzten ordezkarien eta giza laguntzarako erakundeen arteko harremana zaildu du. Ia ez dago harremanik, hobeto esanda. Era berean, herrialdean ordezkaritza duten gobernuek ere ez dute jarrera bateratua adostu. Batez ere Asiako hegoaldeko gobernuek ez dute jarrera zehaztu nahi izan, interesak dituztelako. Eta horrek indar gutxi eman dio nazioarteari Gobernuari presioa egiteko.

Zein giza eragilerekin egon zarete harremanetan txostena osatzeko?

NBE Nazio Batuen Erakundeko agentzia guztietako eta gobernuz kanpoko erakunde nagusietako ordezkariekin bildu gara. Baitaatzerriko gobernuekin ere.

Gobernuaren atxilotze guneetan egon dira horiek guztiak?

Ia inor ez da sartu kanpaleku horietara. Eta sartu direnak momentu jakin batzuetan baino ez dira izan. Gune horiek ez dituzte nazioarteko legedi humanitarioak jasotako baldintzak betetzen. Militarrek kontrolatzen dituzte. Eta giza laguntzarako erakundeek ez daukate sarbide erregularrik. Azken hori da guneetako tamilen egoera kritikoen egiten duena.

Nola justifikatzen du Sri Lankako Gobernuak gobernuz kanpoko erakundeei atxilotze guneetarako sarrera debekatzea?

Zibilen artean ez dagoela gerrillaririk egiaztatu nahi dute.

Duela sei hilabetetik argudiatu dute modu horretara. Dena den, Gurutze Gorrikoei beste arrazoi bat eman diete. Haiek larrialdi egoeretan egiten dutenez, guneetakoa jada ez dela larrialdi egoeraeta horregatik ez direla beharrezkoak esan diete. Ez dira beharrezkoak? Ez da larrialdi egoera?

Giza laguntzaren nazioarteko estandarren arabera, bai, larrialdi egoera da. Baina Gobernuak kontu handiarekin erabiltzen du termino hori. Lehenbailehen utzi nahi izaten dute bertan behera larrialdi egoera, horren gaineko kontrola erakusteko eta subiranotasuna berresteko. Sri Lankako Gobernuak aurrekaritzat hartu du tsunamia gertatu zenekoa. Orduan nazioartea eta giza eragileak bete-betean esku hartu zuten, tsunamiak eragindako giza krisiari aurre egiteko. Eta Sri Lankako Gobernuak kontrola galdu zuen. Orain ez dute nahi berriz halakorik gertatzea.

Sri Lankako Gobernuak ez al du beste inork «molestatu» gabe urteetako gatazka amaitzeko aukera gisa ikusi?

Bai. Sri Lankako Gobernuarentzat -eta auzoko beste herrialdeentzat- LTTEkiko gatazka barne arazoa da, eta ez du nazioarteak esku hartzea onartzen. Eta horrexegatik ari da kanpamenduetan ere hala jokatzen. Garbiketa etniko moduko bat egiteko ari da baliatzen egoera; akaso ez beste gatazkatakoa bezalakoa, baina garbiketa etnikoa da, neurri batean.

Eskualdeko hainbat gobernuk Sri Lankan interes politikoak dituztela aipatu duzu lehen. Zer interes dira zehazki, eta zeintzuk dira interes horiek dituztenak?

Sri Lankan dauden diplomazialariekin eta giza eragileekin izandako elkarrizketetatik ateratako informazioa da, eta ez ofiziala. Baina arma salmentaz hitz egin digute. Eskualdeko zenbait herrialdek armak saldu dizkiote Sri Lankako Gobernuari, LTTEren kontrako borroketarako. Bestalde, Sri Lanka uharte bat denez, interes estrategikoa du. Bertan base militarra jarri nahi duenik ere badago, itsas armadaren base bat.

Zein herrialdek saldu dizkiote armak eta zeinek ezarri nahi du itsas basea?

Hori ezin dut esan. Ez da informazio ofiziala.

Dena den, aipatu duzu nazioarteak ez duela jarrera bateratua adostu, eskualdeko gobernuek ez dutelako esku hartu nahi izan. Zeintzuk dira gobernu horiek?

Herrialdean ordezkaritza duten atzerriko gobernuek Sri Lankako Gobernuarekin nola jarri harremanetan jasotzen duen akordio bat sinatu dute. Hori da diplomazia humanitarioak adostu duen tresna bakarra. Eta, esan bezala, eskualdeko zenbait gobernuk ez dute izenpetu. Txinak, Vietnamek eta Japoniak, esaterako. Japonia da Sri Lankan giza laguntzarako diru gehien ematen duen herrialdea eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko kidea da. Beraz, oso esanguratsua da hark lerrokatu nahi ez izatea.

Egoera oso larria dela onartuta ere, itun bat baino ez dute sinatu?

Kontua da giza laguntzarako erakundeek asko neurtu dituztela hitzak eta ekintzak, herrialdetik kanpora ez ditzaten. Izan baitira halakoak. NBEren kasuan, gainera, langile ugari eduki zituzten borroka eremuan harrapatuta.

Horregatik egin dituzte salaketak borrokak amaitu ondoren?

Bai, baina ez da justifikagarria. NBEk eta AEB Ameriketako Estatu Batuek beranduegi eskatu dute gerra krimenak ikertzeko, mina egina dagoenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.