Agnes Bragadottir islandiarra Sri Lankan su-etena behatzen ari den talde eskandinaviarraren bozeramailea da.
Nola eragin diezaiekete gaur egitekoak diren hauteskundeek zuek kontrolatzen duzuen meniari eta, oro har, bake prozesuari?
Sri Lankan Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreek 2002an su-etena aldarrikatu zutenetik gabiltza uhartean meniaren behatzaile gisa. Taldeak ditugu iparraldean eta ekialdean, LTTE nagusi den lekuetan, eta denera 57 ikuskatzaile, Norvegia, Danimarka, Suedia, Finlandia eta Islandiatik etorriak. Gure lana teknikoa da, ez politikoa. Menia bortxatzen duten ekintzak gertatzen badira, bertara joan eta egoeraren berri jasotzen dugu. Ezin dugu inongo balorazio politikorik egin.
Eta, halere, Sri Lankako egoera politikoak eragin zuzena du menian. Zer egoeratan dago su-etena?
Bortxaketa ugari gertatu ziren hasieran, azken bi urte eta bi hilabete hauetako lehen partean. Egoera oso larria zen. Azken bost hilabeteotan egoera asko baretu da. Hala zabaldu dugu, eta guri dagokigu esatea menia indarrean denetz.
Gatazka militar gordinik ez bada ere, gertaera garrantzitsuak izan dira mugimendu tamilean, batez ere Karuna koronelak LTTErekin haustea eta ekialdearen bozeramaile gisa jarri izana. Mintzatu al zarete harekin?
Ez dugu harreman zuzenik izan. Izan ere, Karunak kontrolatzen duen eremua gure behaketa gunetik at dago. Martxoaren hasieran jada harekiko komunikazio bideak irekita gordetzea erabaki genuen.
Karunarekin hitz egiten baduzue, ez zarete beldur LTTEk salatzea hari legitimitatea ematen diozuela?
Hala dio LTTEk berak. Gu, halere, mintzatuko gara Karunarekin, berak nahi badu, meniaren inguruan. Izan ere, LTTEren banaketa afera konpontzea ez da gure kontua, baizik eta erakundearena.
Asteartean Nazio Aliantza (TNA) alderdiko hautagai bat hil zuten Karunaren jarraitzaileak nagusi diren eskualdean. Nor dago zuen, ustez, erasoaren atzetik?
Guk ezin dugu ikerketarik egin, hori Poliziaren eskumena da, baina informazio bil dezakegu, eta hala egin dugu. Izan gara hilketa gertatu zen tokian, eta lekukoekin mintzatu gara. Oraingoz, dakigun gauza bakarra zera da, bi gizonezkok hil zutela TNAko hautagaia. Egileak nortzuk diren ez dakigu, eta ez gara hipotesiak egiten ibiliko. Gai korapilatsua da, hildakoa Karunaren ingurukoa zelako. Ez dugu gaiaren inguruan hitz egin LTTErekin, baina taldeak gaitzetsi du hilketa.
SRI LANKAKO HAUTESKUNDEAK. AGNES BRAGADOTTIR. NAZIOARTEKO BEGIRALE TALDEAREN BOZERAMAILEA. «LTTEtik bereizitakoekin hitz egiteko prest gaude, beraiek nahi dutenean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu