SRI LANKAKO HAUTESKUNDEAK. Estatua zatituta, tigreak bananduta, eta gaur bozak

Botoetan irabazi ez arren, Gobernua osatzeko aukerak bake prozesuaren aldeko lehen ministroaren alderdiak ditu

Edu Lartzanguren.
2004ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Sri Lankako bake prozesuan berebiziko garrantzia izan dezaketen Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur uhartean. Izan ere, bozen emaitzetan isla izango du, ziurrenik, Kolonboko agintean zein matxino tamilen artean dauden banaketak. Edonola ere, azken egunotan hautagaien aurka eginiko eraso hilgarriak direla eta, bozketa eguna eta ondorengo egunak zailak izango dira.

Banaketa da egoera deskribatzeko hitz gakoa. Sri Lankako Administrazioa zatiturik dago 2001eko abenduan oposizioa zenak Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi ondoren. Harrezkeroztik, bizikidetza zailean dira Chandrika Kumaratunga presidentea eta haren aurkari politiko Ranil Wickramasinghe lehen ministroa. Uhartearen iparralde eta ekialdean tamilentzat berezko estatua sortzeko borrokan ari diren Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreekiko (LTEE) jarrera erabat desberdina dute Kolonboko bi agintariek. Tigreekin negoziatuko zuela aginduta irabazi zituen 2002ko hauteskundeak Wickramasinghek.Kumaratungak, berriz, jarrera gogorra du tigreekin; gerrillariek 1999an eginiko eraso batean begia galdu zuen. Iazko azaroan, bake negoziazioen ardura zeramatzaten hiru ministroak kargutik kendu egin zituen presidenteak, eta Wickramasinghek kontrolaturiko Legebiltzarra bertan behera utzi zuen, lehen ministroaren negoziazio taldeak tamilei «kontzesio gehiegi» egin zizkiela leporatuta. Tamil tigreekiko negoziazioak bertan behera utzi zituzten. Aurtengo otsailean hauteskundeetarako deia egin zuen Kumaratungak, berez behar zenean baino lau urte lehenago.Inkestek abantaila ematen diote Kumaratungaren alderdiari, baina lehen ministroak Gobernua osatzeko aukera gehiago izango dituela diote, alderdi txikiagoen laguntzarekin.

Tigreak, banandurik

Duela bi urte Kolonboko gobernuarekin su-etena sinatu zuen LTTE taldeak, eta 20 urte iraun duen eta 65.000 hildako eragin dituen gatazka konpontzeko oinarria jarri zen. Ondoren, 2002ko irailean, LTTEren kontrako debekua kendu zuen Kolonbok.

Bake elkarrizketak abiatuta, berehala lortu zen oinarrizko ituna: tamilek independentzia eskaera bertan behera utzi zuten, eta Sri Lankako Gobernuak eskualde autonomoa eratzea onartu zuen tamilak nagusi diren iparraldean eta ekialdean. Gehiegi izan zen, nonbait, Kumaratunga presidentearentzat.Ustekabea, halere, martxoaren hasieran heldu zen: Karuna koronelak, LTTEko ekialdeko estrategak, diziplina hautsi eta Sri Lankako indar armatuekin «ekialdearentzat defentsa itun berezia» egitea proposatu zuen. Tamil tigreen mugimenduan aurrekaririk ez duen jokaldia egin zuen Vinayagamoorthi Muralitharan koronelak (Karunaren benetako izena). Antza denez, hainbatetan kezkaturik agertu izan da koronela, LTTEko gerrillari gehienak ekialdetik datozen bitartean, buruzagi gehienak uharteko iparraldekoak direlako. Martxoaren 6an, Karuna LTTEtik kanporatu zuten.Asteartean Nazio Aliantza Tamila (TNA) alderdiko hautagai bat hil zuten ekialdeko Batticaloa hirian. Rajan Sthyamurthy politikaria Karunaren aliatua zen. Begi guztiak LTTEra begira jarri ziren berehala, baina erakundeak erasoa gaitzetsi eta ostiralean boza TNAri emateko eskatu zien tamilei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.