Sri Lankako milaka tamil ihesi dabiltza, borrokak saihesteko

Kolonboko armadaren eta LTTEko gerrillarien arteko borroketan, Trincomaleen, 28 lagun hil dira bi egunean

2006ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Sri Lankako ipar ekialdetik milaka tamil ihesi egiten ari dira. Trincomaleeko eskualdean borroka gogorrak daude armada eta gerrillari tamilen artean eta herritarrak euren etxeak utzi eta basoetara eta hegoaldera zuzentzen ari dira oinez babesleku bila. Muttur hirian izaten ari dira borroka gogorrenak. Sri Lankako armadaren eta LTTETamil Eelameko Askatasun Tigreak gerrilla tamilaren artean iragan uztailaren 26an piztutako borrokek azken urteotako gogorrenak izaten ari dira. Guztira 165 lagun hil dira gutxienez, hauetatik bost atzo bertan. Bi aldeek duela lau urte sinatutako su-etena kolokan dago.

Nazioarteko Gurutze Gorriaren Batzordeak emandako datuen arabera, 22.000 herritar inguru ihes egiten ari ziren atzo Mutturretik. Kantalai hirirako norabidea hartu zuten eta, gehienak, oinez abiatu ziren. Mutturretik 50 kilometrotara dago Kantalai. Nazioarteko erakundeak zibilen ihesaldia bermatzeko eskatu zien bi aldeei. Atzora arte, baina, ez zutela berme hori eskuratu zehaztu zuen Nazioarteko Gurutze Gorriaren Batzordeko eledun Sukumar Rockwoodek: «Mutturren dauden edo handik ihes egiten ari diren herritarrei laguntza emateko gisan pasabide seguru bat eratzeko ez gara gai izan». Muttur hirira iristeko aukerarik ez dutela izan gaineratu zuen bozeramaileak. Kantalai hirira, berriz, giza laguntzarako materiala eta ikuskatzaileak bidali dituztela zehaztuzuen bozeramaileak.

Trincomaleeko eskualdean duela hamar egun piztutako borrokak egunetik egunera okerrera ari dira egiten. Maavilaruko ubidearen gaineko kontrola bereganatu nahi dute bi aldeek eta horregatik piztu dira borrokak. Azken egun hauetan zibil andanak bizia galdu dute. Herenegun eta atzo bitartean, hogeita zortzi lagun gutxienez hil dira, hauetatik hogeita bi zibilak. Mutturren, segurtasun indarrek zibilak babesteko ezarritako lau eskoletan, morteroak erori eta orduan hil ziren zibilak. Herenegun hamazazpi herritar hil ziren morteroek hiru eskola suntsitu ondoren eta atzo beste bostek bizia galdu zuten beste aterpe bat suntsituta.

NORVEGIAKO BITARTEKARIA IRITSI DA. Trincomalee eskualdeko agintari musulmanak ere ahaleginak egin ari dira borrokak gelditu egin daitezen. «Bi aldeek borrokak gelditu ditzaten nahi dugu», adierazi zuen A.H.M Azwer hautetsiak: «Ostegun gauerdiraino armadarekin hitz egiten egon gara, erasoak geldi zitzaten, baina goiz honetan [atzo], eskola batean morteroak lehertuta, bost herritar hil direla jakin dugu.

Sri Lankako Gobernuaren eta LTTE gerrilla tamilaren artean bake prozesu bat indarrean jartzeko ahaleginetan jardun duen Norvegiako ordezkaria uhartera iritsi da. Jon Hanssen-Bauer bitartekariak dagoeneko Ratnasiri Wikremanayake lehen ministroarekinhitz egin du eta gaur, aldiz, LTTEk kontrolatzen duen eskualdeko hiriburu Kilinochchin izango da.«Hanssen-Bauer jaunak asteburua Kilinochchin igaroko du gure agintaritzarekin solas egiteko», zehaztu zuen atzo LTTEko eledun Velayadun Dayanik. «Bake prozesuaz hitz egitera dator, nahiz eta egungo egoera gerra baten antzekoa den», gaineratu zuen Tamil Tigreen bozeramaileak.

Norvegiak daraman bitartekaritza lanari esker, Kolonboko gobernuak ziurtatu zuen herenegun LTTErekin hizketaldiei ekiteko prest zegoela. Sri Lankako armadak, dena den, gerrillari tamilei oldar egiten jarraitu du. Borrokak iragan uztailaren 26an piztu ziren militarrek Trincomaleen kokatutako Maavilaruko barradera eta ubidearen kontrola bere gain hartu nahi izan zuenean -tamilen kontrolpeko lurraldeetan dago barradera-. Armadak erasoari ekin zion, gerrilla tamilak ur hornikuntza eten zietela argudiatuz. Gobernuaren menpeko lurraldetan bizi diren 20.000 sinhalara etniako herritarrei ura ez zitzaiela iristen salatu zuten agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.