'Stern txostena': mehatxuen igarlea

Tony Blayrren gobernuak klima aldaketari buruz ohartarazi du, eta irmo erantzuteko deia egin du

arantxa iraola
2006ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Lehenbailehen erantzun behar zaio auziari. Atzeratzeak, hamarkada bat edo bi deus egin gabe egoteak, benetan egoera arriskutsura eraman gaitzake». Erresuma Batuko Gobernuaren eskariz egindako txostena aurkeztu zuen atzo Nicholas Stern ikertzaileak. Berotegi efektua eragiten duten gasen ondorioz mundu zabalean jazotzen ari den klima aldaketak ekar ditzakeen ondorioak aztertu ditu, bereziki ikuspegi ekonomikotik. Eta erabaki irmoak hartzeko garaia dela esan du. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroa alboan izan zuen atzo Sternek txostenaren aurkezpena egitean, eta txostenak egiten dituen aurreikuspen «beldurgarriak» onartu, eta klima aldaketaren kontra egiteko dei argia egin zuen hark ere. «Ez dugu hau baino erronka serioagorik, larriagorik eta buruzagitza argiagoa eskatzen duenik».

Aurreko urteetan publiko egindako hainbat ikerketa aintzakotzat hartu, eta datozen hamarkadetarako hainbat mehatxu aurreikusi ditu Sternek txostenean: gero eta tenperatura altuagoak, ur eskasia leku batzuetan, lehortea besteetan, goseteak eta beren etxetik ihes egin beharrean egongo diren milioika lagun. Nicholas Stern ekonomiaren alorrean da bereziki ezaguna. Besteak beste, Munduko Bankuarentzat lanean ibilitakoa da. Ekonomikoki klima aldaketaren kontrako neurriak hartzea deus ez egitea baino onuragarriagoa dela ondorioztatu du. Eta deus egin gabe egoteak, gainera, ondorio ekonomiko lazgarriak ekarriko dituela. Ikerketa mardula egin du horretarako. Hainbat gako ditu.

Onura ekonomikoa
Orain klima aldaketaren kontrako neurririk ez hartzeak galera ekonomiko handiak ekar ditzake datozen hamarkadetan. Sternen arabera, atzera bueltarik gabeko prozesu bat abian da ja Lurrean.Urtean BPG Barne Produktu Gordinaren %5 galtzea ekar dezake prozesu horrek kasurik samurrenean, eta %20 latzenean. Balizko galera ekonomiko horiei aurre egiteko, aski litzateke, Sternen arabera, urtean BPGaren %1 klima aldaketaren kontrako neurriak hartzera bideratzea. Horretarako, ordea, herrialde guztiek batera jokatu behar dutela nabarmendu du: «Nazioarte mailan erantzun behar dugu, irmoki, eta lehenbailehen». Ekonomiarentzat zama baino gehiago klima aldaketaren kontra egitea neurri eraginkorra dela dio: «Ekonomia hazkundearen aldeko estrategia da; klima aldaketari jaramonik ez egitea, ordea, ekonomia hazkundeari kalte egitea da».

Berotegi efektua
Aurreko urteetan zientzialariek egindako zenbait aurkikuntza aintzakotzat hartuz, berotegi efektua eragiten duten gasei egotzi die Sternen txostenak klima aldaketa. C02 --karbono dioxidoa, berotegi efektua eragiten duen gasetan ezagunena-- neurketei garrantzi berezia eman die horretarako txostenak. Industrializazioa abiatu aurretik atmosferan milioiko 280 C02 zati zeuden, eta gaur egun 430 dira. Aski nabarmena izan da igoera.Eta igoera horri muga 450-550 inguruan jarri ezean ondorioak oso larriak izan daitezkeela ondorioztatu du, atzera bueltarik gabeak. Berotegi efektuaren kasuan ere, azterketa ekonomikoa egin du Sternek; kontrako neurririk hartu ezean, isurtzen den C02 tonako, kalte ekonomiko handia egiten da: gutxienez 85 dolarrekoa. Enpresaburu handi zein kontsumitzaileek horren jakitun izan behar dutela gogorarazi du, eta beren bizi eta kontsumo ohiturak aldatzea ezinbestekoa dela. Neurri egokiak hartzen badira galera C02 tonako 85 dolarrekoa izan beharrean 25 dolarrekoa izan daitekeela ondorioztatu du.

Jarraitu beharreko estrategia
Egoerari aurre egiten lagun dezaketen neurriak proposatu ditu Nicholas Sternek txostenean. «Lehenbailehen» hartu beharrekoak dira. «Eta nazioartean». NBE Nazio Batuen Erakundearen bidez, Kyotoko protokoloa ordezkatuko duen akordio zabal bat abiatu behar dela iradoki du. Martxan jarri behar diren neurrien artean, hainbat klasetakoak. Batetik, zergen bidez berotegi efektua eragiten duten gasen murrizketa bilatu behar da. Bestetik, teknologia berriak sustatu behar dira, energia iturri gero eta garbiagoak bilatze aldera. Era berean, basoen soiltzearen kontrako neurri eraginkorrak hartu behar dira. Alde horretatik datozen 10-20 urteotan hartzen diren neurriak erabakigarriak izango direla dio txostenak. Prozesu horretan gizarte osoak arazoak duen garrantziaz ondo jabetu behar duela dio, eta informazio politika eraginkorrak jarri behar direla martxan.

Herrialde behartsuak
Nicholas Sternen txostenaren arabera, klima aldaketaren ondorioak nabarmenagoak dira ja herrialde behartsuetan, eta larriagoak ere izango dira etorkizunean. Baliabide gutxi dituzte, ordea, kontra egiteko. Horregatik, borroka horren aldeko gidaritza herrialde aberatsek beren gain hartu behar dutela esan du. Halaber, luze gabe klima aldaketak ekar ditzakeen ondorioak arintze aldera, lehorte gordinetan zein uholdeetan ere egoki haziko diren uzta motak lantzen hasteko deia ere egin du.

Esperantzarentzako lekua
Aurreikuspen beldurgarriak bildu ditu Nicholas Sternek publiko egin berri duen txostenean, baina itxaropenari leihorik itxi gabe. «Moduak badira klima aldaketari aurre egiteko», azaldu du. «Posible da oraindik klima aldaketaren ondoriorik latzenak saihestea, baina erantzun bizkor, irmo eta kolektiboa behar da».

Al Gore, Erresuma Batuko Gobernuaren aholkulari

Tony Blairrek klima aldaketaren kontrako politiken gidaritza hartu nahi du munduan. Bide horretan, AEBetako Gobernua ere --Kyotoko protokoloa ez babesteaz gain, hainbat muga jartzen saiatu da-- politika eraginkorrak hartzera animatu nahi du. Jardun horretan aurrera egiteko asmoz, Al Gore AEBetako presidenteorde izandakoa Erresuma Batuko Gobernuarentzat aholkulari lanak egiten hasiko dela jakinarazi zuen atzo. Azken urteotan klima aldaketaren kontra politika eraginkorrak eskatzen ari da Gore, eta izan zuen karguagatik, oihartzun handia lortzen ari da. Datorren hilean klima aldaketari buruzko goi bilera egingo da Kenyan, eta bilera horretannazioarteko akordio baten hazia erein daitekeela pentsatzen du Blairrek. Akordio berri bat nahi du, Kyotoko protokoloaren ordezko. «Ezin dugu beste bost urte itxaron Kyotoko protokoloa hitzartzeko. Gure esku ez dagoen luxua da hori», jakinarazi zuen atzo Erresuma Batuko Ekonomia ministro Gordon Brownek. NBE Nazio Batuen Erakundeak akordio berri horibabestea nahi dute. NBEk berak atzo berotegi efektua eragiten duten gasen gainean ohartarazi zuen, kezkatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.