Emakumeen kontrako indarkeria

Strauss-Kahnen aurkako akusazioak bertan behera utzi ditu epaileak

NDF Nazioarteko Diru Funtseko buruzagi ohiak bortxatu egin zuela salatu zuen New Yorkeko hotel bateko langileak, eta horregatik auzibidea hasi zuen AEBetako justiziak. Fiskalak atzera egin zuen atzo, eta Strauss-Kahnen kontrako akusazioak bertan behera uzteko eskatu zion epaileari.

2011ko abuztuaren 23a
19:32
Entzun

Dominique Strauss-Kahn NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohi eta Frantziako PSko buruzagiaren aurkako akusazioak bertan behera utzi ditu epaileak. Stauss-Kahn libre geratu da, beraz, eta ez du jadanik New Yorketik atera eta Frantziara itzultzeko inolako oztoporik.

Cyrus Vance New Yorkeko Manhattango barrutiko fiskalak atzera egin zuen atzo, eta Strauss-Kahnen kontrako akusazioak bertan behera uzteko eskatu zion epaileari. Epaileak hala egin du gaur.

Nafissatou Diallo New Yorkeko luxuzko hotel bateko langileak egin zuen Strauss-Kahnen aurkako salaketa: haren gela garbitzen ari zela bortxatu egin zuela agertu zuen. Hasiera batean, auzibidea hasi zuen fiskalak, lekukotasun horretan eta ustezko biktmaren zantzu fisikoetan oinarrituta, baina orain atzera egin du; dioenez, "gezurretan" eta "kontraesanetan" harrapatu du Diallo. Sortzez ginearra da 32 urteko emakumezkoa, eta AEBetan bizitzea lortu ahal izateko immigraziokoei emandako zenbait erantzunetan atzeman ditu "gezurrak" fiskalak; halaber, espetxean duen lagun batekin izandako elkarrizketan salaketatik probetxua atera nahi zuela esan bide zuen Diallok fiskalaren arabera. Emakumeak hori gezurra dela azpimarratu du, eta fulani hizkuntzan izan zuten elkarrizketa nahita gaizki itzuli dutela.

Hori guztia dela eta, Dialloren defentsak fiskala errekusatzeko eskatu du, emakumea bidegabe tratatzen ari dela argudiatuta.

Strauss-Kahn NDFko buru ez ezik, Frantziako hurrengo hauteskundeetan PSren presidentegai izateko hautagai sendoenetakoa zen atxilotu zutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.