Cyrus Vance New Yorkeko Manhattango barrutiko fiskalak atzera egin du, eta Dominique Strauss-Kahn FMI Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohi eta Frantziako PSko buruzagiaren kontrako akusazioak bertan behera uzteko eskatu dio. Behin fiskalak eskaera hori eginda, epaileak ere atzera egitea espero da, eta horrenbestez, Strauss-Kahn guztiz libre geratzea.
Nafissatou Diallo New Yorkeko luxuzko hotel bateko langileak egin zuen Strauss-Kahnen aurkako salaketa: haren gela garbitzen ari zela bortxatu egin zuela agertu zuen. Hasiera batean, auzibidea hasi zuen fiskalak, lekukotasun horretan eta ustezko biktmaren zantzu fisikoetan oinarrituta, baina orain atzera egin du; dioenez, "gezurretan" eta "kontraesanetan" harrapatu du Diallo. Sortzez ginearra da 32 urteko emakumezkoa, eta AEBetan bizitzea lortu ahal izateko immigraziokoei emandako zenbait erantzunetan atzeman ditu "gezurrak" fiskalak; halaber, espetxean duen lagun batekin izandako elkarrizketan salaketatik probetxua atera nahi zuela esan bide zuen Diallok fiskalaren arabera. Emakumeak hori gezurra dela azpimarratu du, eta fulani hizkuntzan izan zuten elkarrizketa nahita gaizki itzuli dutela.
Hori guztia dela eta, Dialloren defentsak fiskala errekusatzeko eskatu du, emakumea bidegabe tratatzen ari dela argudiatuta.
Strauss-Kahn FMIko buru ez ezik, Frantziako hurrengo hauteskundeetan PSren presidentegai izateko hautagai sendoenetakoa zen atxilotu zutenean.