palestina

Su armak eta aiztoak kalean

Palestinarrek labankadaz egindako lau erasotan sei israeldar zauritu dituzte. Israelgo Poliziak kalera pistolarekin ateratzeko gomendatu die arma baimena duten herritarrei.

Israelgo Polizia, atzo, emakume palestinar baten dokumentazioa ikuskatzen, Jerusalemgo Hiri Zaharrean. ABIR SULTAN, EFE
Kristina Berasain Tristan.
2015eko urriaren 9a
16:11
Entzun

Harriak, balak, molotov koktelak, pneumatiko erreak, lehergailuak eta gomazko jaurtigailuak baliatu dituzte orain arte elkarren kontra egiteko, baina azken egunotan labanekin erasoak egiteari ekin diote gazte palestinarrek, eta, hori ikusirik, gomendioa dela eta ez agindua zehazturik, zibil israeldarrei su armak erabiltzeko deia egin die Israelgo Poliziak. Jerusalemgo alkateak berak gomendioarekin bat egin du, eskatuz, «segurtasuna indartze aldera», pistolak erabiltzeko baimena duten herritarrek kalera harekin ateratzeko: «Ezin da polizia bat egon kale kantoi guztietan». Nir Barkatek berak eredu izango dela esan du, eta su armarekin aterako dela kalera.

Aiztoz egindako erasoak, berriz, areagotu egin dira; azken bi egunotan zazpi eraso izan dira. Atzo lau eraso izan ziren. Kiriat Arba kokalekuan, palestinar batek larri zauritu zuen 25 urteko kolono bat. Ordubete lehenago, antzeko eraso bat jazo zen Tel Aviven. Palestinar batek hiru pertsona zauritu zituen labana sartuta; ondoren, erasotzailea bera tirokatuta hil zuen soldadu israeldar batek. Ekialdeko Jerusalemen ere aiztoz egindako beste eraso bat izan zen. Palestinar batek ikasle errabino bat lepoan sastakatu zuen, eta larri zauritu. Segurtasun indarrek ihesean atera zen 19 urteko erasotzaile palestinarra atxilotu zuten handik minutu batzuetara. Afula hirian, berriz, soldadu israeldar bat zauritu zuten labankadaz iluntzean.

Bezperan, mota horretako beste hiru gertakari izan ziren Nablus, Betleem eta Qalandian.

Jerusalemgo Hiri Zaharren bost eguneko epean holako bi eraso izan dira, eta, hori ikusirik, sarreretan eta inguruko kaleetan metal detektagailuak jartzeari ekin zion atzo Israelgo Poliziak.

Egoera gaiztotuta

Egoera gaiztotzen ari da egunetik egunera. Astebetean zortzi palestinar eta lau israeldar hil dira. Israelek ere erruz baliatu baititu balak palestinarren kontra. Xuafat errefuxiatu gunean gazte palestinar bat hil zuten tiroz atzo arratsean. Antza, labankada egin zuen gazte palestinarraren etxea babesteko piztutako liskarretan hil zuten gaztea.

Benjamin Netanyahu eta Mahmud Abbas, biak ala biak, zurrunbiloa arintzeko ahaleginetan ari dira azken orduotan, bakoitzak sektore propioen presioen aurrean orekari eusten dioten bitartean.

Netanyahuk atzo iluntzean bertan adierazi zuen egunotako erasoak, «akuilatuak» badira ere, ez direla «aurrez antolatutako ekintzak». Abbas eta bera, tentsioa arintze aldera, elkarlanean aritu behar dutela ere esan zuen. Neurri txikiak ere hartu ditu bide horretan. Meskiten Zelaigunera sartzeko ezarritako mugak zabaldu ditu, ministroek zuten debekua, diputatuei ere ezarriz. Egoera «irmotasunez, erantzukizunez eta batasunez» baretuko zuela hitzeman zuen. Orain kokaleku gehiago egitea kaltegarria izango litzatekeela eta, 538 etxe eraikitzeko plana erretiratu du, kolonoak etxe aurrean protestaka baditu ere.

Mahmud Abbas, berriz, aste honen hasieratik ari da lasaitasunerako mezuak helarazten; «Ez dugu armekin aurrez aurrekorik nahi Israelekin». Bakearentzat eskuak zabalik dituztela errepikatu du israeldarrek «sufrimendua eragin arren». Zentzu horretan, segurtasun akordioei eutsi die presidenteak, nahiz eta aurreko astean itun hori auzitan jarri zuen —Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian Osloko Akordioen bide orriari uko egingo ziola adierazi zuen puntuetako bat da segurtasunarena izanik—.

Nazioartearen kezka

Gatazka baretzeko ahotsak urrunagora iritsi dira. Riyad Mansur Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariak erasoaldiak geldiarazteko neurriak premiaz har ditzan eskatu dio erakundeari eskutitz batean: «Izuaren erreinu honetan kolonoak erabateko zigorgabetasunaz ari dira». Larunbatetik 630 palestinar atxilotu dituztela zehaztu du Mansurrek.

Zeid Ra'ad Al-Hussein Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren erantzuna azkar etorri da; benetako balen erabilera «gehiegizkoa» dela salatu du «pertsonen segurtasuna eta bizitzarako eskubidea urratzen» duelako. Ilargi Gorriak jakitera eman duenez, 1.300 palestinar zauritu dituzte astebetean liskarretan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.