Aurrena urriaren 2ko plebiszituarekin zen iraungitzekoa; horretan ezezkoak irabazita, urriaren 31ra artekoa izan zen lehen luzapena; eta orain, Juan Manuel Santos Kolonbiako Gobernuko presidenteak jakinarazi du urte amaierara arte luzatuko duela FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileekin emandako su-etena.
Eragile eta sektore ugaritako ordezkariekin batzartu da azken orduetan Santos, eta, azaldu duenez, ikasle talde batek eginiko eskariari erantzunez luzatu du menia. Horietako batek adierazi dio armadan nahiz gerrillan gazte ugari daudela "zer gertatuko, berriro tiro ez egiteko nahiaz".
Abenduaren 31ra arteko luzapena "ez da epemuga edo ultimatum bat", Santosen esanetan: "Baina espero dut akordio berri bat izateko prozesu hau guztia askoz lehenago amaitzea. Izan ere, ikasle batek esan didan bezala, denborak bakearen eta bizitzaren aurka konspiratzen du".
Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia izan da bake akordioaren kontra jardun dutenen ordezkarietako bat. Hark, ordea, ontzat jo du su-etena luzatu izana: "Ongi iruditzen zaigu, ez zaiolako kezka hori gehitzen kriminalitatearen inguruko kezka handia duen herrialde bati".