Siriako gerra

Su-etena adostu dute Al-Hasakan, armada erretiratzeko baldintzapean

YPGek ipar-ekialdeko hiri estrategikoaren kontrol ia osoa hartu dute astebeteko borroken ostean.

YPG Herriaren Babeserako Unitateetako hainbat kide, iaz Tel Abyad hirian hartzean. SEDAT SUNA / EFE
Adrian Garcia.
2016ko abuztuaren 23a
07:59
Entzun

Siriako gerra piztu zenetik kurduen eta Damaskoren indarren arteko borroka gogorrenak izan dira azken astean, baina, azkenean, YPG Herriaren Babeserako Unitateek lortu dute helburua, eta Siriako armada eta gobernuaren aldeko miliziak garaitu dituzte Al-Hasaka hiri estrategikoan. Buruzagi lokalen bitartekaritzarekin su-eten bat adostu dute bi aldeek, eta gaur eguerdian sartu da indarrean. YPGek argitaratutako bertsioaren arabera, gobernuaren aldeko indarrek erretiratzea onartu dute, menia ezartzearen truke. Siriako agentzia ofizialek, ordea, ez dute horri buruzko berririk eman.

Armadaren kontrolpean zeuden auzoak kurduen segurtasun indarren eskuetan geratuko dira. Damaskoko Poliziak kontrolatuko du, ordea, gobernuaren segurtasun indarren basea, baina ez armada ezta gobernuaren aldeko miliziak ere ezingo dira sartu bertara. Damoskoko ordezkariak geratuko dira base horretan.

Dozenaka hildako izan dira Al-Hasakako borroketan. Siriako abiazioak kurduen posizioak bonbardatu ditu ostegunetik, lehen aldiz gerra hasi zenetik. AEBek hegazkinak hedatu dituzte inguruan, kurduen eremuan dituzten tropak babesteko, eta Damaskoren aire erasoak eragotzi dituzte asteburutik aurrera.

Al-Hasaka Siria ipar-ekialdean dago, mugatik hurbil. Berebiziko balio estrategikoa du muga kontrolatzeak, talde matxino islamistek baliabideak jasotzen baitituzte hortik. EI Estatu Islamikoa Manbij ingurutik kanporatu dute milizia kurduek, baina kontraerasoa jo dute islamistek. Al-Hasaka hegoaldean erasoaldia hasi dute, eta hainbat herrixkatatik egotzi dituzte kurduak. Errefortzuen zain daude SDF Siriako Indar Demokratikoak muturreko islamistak atzera eginarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.