UkRAINAKO KRISIA

Su-etena adostu dute Ukraina ekialdean krisia bideratzeko

Igandean sartuko da indarrean. Putinek iragarri du akordioa, eta Poroxenkok esan du "baldintzarik gabeko su-etena" izatea lortu duela. Hollandek zehaztu du errebeldeek ere sinatu dutela akordioa. Ukraina, Frantzia, Alemania eta Errusiak ordu luzetako bilera egin dute Bielorrusiako hiriburuan. 

Angela Merkel eta François Hollande, gaur goizean, Minsken, bileratik ateratzen. TATYANA ZENKOVICH / POOL
Ainhoa Oiartzabal - Jon Olano
2015eko otsailaren 12a
07:26
Entzun

Atzo iluntzean Minsken hasi zuten bilera bukatu ostean, Vladimir Putinek egin ditu lehen adierazpenak prentsarentzat: "Gauzarik garrantzitsuenean ados gaude". Su-etena adostu dutela iragarri du; larunbatetik igandera bitarteko gauean jarriko da indarrean. Horrekin batera, arma astunen erretiratzea —hamalau egun dituzte horretarako— eta bahituen askatzea adostu dute. 

Europako Diplomazia buru Federica Mogherinik "neurri zehatzak" proposatuko dizkie Europako Batasuneko herrialde kideetako agintariei, Minsken izenpetutako akordioa betetzen dela bermatu eta babesteko. Akordioa "norabide onean eginiko urratsa" dela uste du Mogherinik, nahiz eta aitortu duen itunak ez duela gatazka konpontzen. Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak, berriz, uste du "albiste bikaina" dela Minsken erdietsitako akordioa.

Petro Proxenkok esan du "oso zaila" izan dela akordioa lortzea: "Onartu ezin genituen hainbat baldintza jarri dizkigute". Azkenean, baina, baldintzarik gabeko su-etena adostu dutela nabarmendu du. 

Hamabost ordu iraun du bilerak, eta, haren ostean, Frantziako presidente François Hollandek adierazi du meniak  "lasaitasuna" emango diola Europari. Eta zehaztu du errebeldeek ere sinatu dutela akordioa. Dena dela, haren ustez, egonkortasun politikoa lortzeko lan asko dago egiteko oraindik.

Hamabost orduko bilera

Goi bileran, dokumentu bat adosteko ahalegina egin dute François Hollande Frantziako presidenteak, Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak. Hamabost orduko bilera luzea egin dute akordioa erdietsi arte.

Minsken erdietsi duten su-etena ez da lehena. Minskeko lehen su-etena iazko irailean sinatu zuten. Alta, ez da bete, eta gatazka hasi zenetik —ia hamar hilabete— 5.000 hildako inguru izan dira.

Akordio berri hori beteko den edo ez dago ikusteke, beraz. Ukrainako Gobernuak salatu du 50 tanke sartu direla Ukraina ekialdean Errusiatik gauean zehar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.