Su-etena biltzen duen protokolo bat adostu dute Kievek eta Donetsk eta Luhanskeko miliziano errusiazaleek, Minsken. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak eta Donetskeko Herri Errepublikak Twitter bidez baieztatu dute akordioa egon dela, baina xehetasun handirik eman gabe. Espero zen moduan, akordio horrek gatibu hartutako guztiak trukatzea jasotzen du, presidenteak jakinarazi duenez. Trukatze hori bihar bertan egin dezaketela gaineratu du.
Menia betetzen dela ziurtatzeko, nazioartearen ikuskaritza eskatu du Poroxenkok. Azaldu duenez, "ahal den guztia" egin behar da "sarraskia" gelditzeko; horregatik, Atzerri Ministerioak eta Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak (ESLA) su-etena berma dezaten nahi du. Reuters berri agentziak zabaldu duenez, Donetsk iparraldean hiru leherketa izan dira su-etena indarrean sartu eta gutxira.
Igor Plotnistski Luhanskeko matxinoen ordezkaria ere su-etenerako "prest" agertu da, baina ohartarazi du "derrigorrezko" neurri horrek ez duela esan nahi independentzia eskatzeari uko egingo diotenik —azken bileran "estatus berezi bat" eskatu zuten independentziaren ordez—.
Ukrainaren eta matxinoen ordezkariez gain, Minskeko bileran izan dira Errusiako Gobernuko eta ESLAko kideak. Dmitri Peskov Errusiako bozeramaileak begi onez hartu du akordioa. Menia errespetatzeko eta negoziazioekin jarraitzeko deia egin die bi aldeei.
Errusiaren plana
Vladimir Putin Errusiako presidenteak zazpi puntuko bake plana aurkeztu ondoren heldu da bilera. Proposamen horretan biltzen zen, hain justu, gatibu hartutakoak trukatzea, beste hainbat eskaerarekin batera —armada setiatutako hirietatik erretiratzea eta nazioarteak su-etena bermatzea, esaterako—.
Aurretik behin-behineko meniak adostu dituzte bi aldeek, baina ez dituzte guztiz errespetatu. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, Ukrainako armadaren eta matxinoen arteko borrokek 2.000 hildako baino gehiago eragin dituzte apiriletik, eta milioi bat lagunek baino gehiagok ihes egin behar izan dute herrialdetik.