Achmad Abad Yuli artzaiaren hilketa ikertzeko eskatu dio Mohamed Abdelazizek Ban Ki-mooni: "Minursoren misioak dauka zonaldea kontralatzeko erantzukizuna eta su-etena ikuskatzekoa. Ekintza kriminala da, eta neurri irmoak eta zorrotzak hartu behar dira horrelako ankerkerien aurrean". Guelta inguruan hil zuten artzaia, lurralde liberatuetan, eta haren gorpuaren ondoan lau dromedario aurkitu dituzte. Marokok gerra garaian eraikitako 2.750 harresitik gertu hil zuten.
Giza eskubideen ekintzaile sahararrentzat su-etenaren "urraketa larria" da.Omar Abdesalam Afapredesa elkarteko presidenteak oso kezkatuta agertu da: "Zibil bat hil dute, militarizatu gabeko zonalde batean, basamortuan animaliak bilatzen ari baitzen artzaia, inongo probokaziorik egin gabe".
Fronte Polisarioak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 40 urtemuga ospatzen zen egunean bertan jazo zen gertaera. Mohamed Abdelaziz SEADeko presidenteak urtemugaren harira egindako agerraldian erreferenduma behingoz egiteko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari. Ban Ki-moon idazkari nagusia heldu den igandean da zonaldera joatekoa eta presidentearekin elkartzekoa. Mohamed VI.a Marokoko erregea, aldiz, atzerrira joan da bisita saiheste aldera. Maroko Ban Ki-moonen bisita oztopatzen ari dela salatu dute iturri sahararrek.