Ekialde Hurbila

Su-etena iragarri du Hamasek, Israelek gauza bera egiteko baldintzarekin

Khalil al Hayak iragarri du erabakia komunikatu batean, eta zehaztu 2014an aldarrikatutako su-etenaren berdinak direla baldintzak. Israelek erantzun du Hamasen esku dagoela meniak irautea.

Hamaseko buru Ismail Haniye, artxiboko irudi batean. MHAMMED SABER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko maiatzaren 30a
12:15
Entzun

Ezustean heldu da albistea. Hamaseko bigarrenak azaldu duenez, elkarrizketak izan dituzte azken orduetan, eta hortik heldu da erasoak gelditzeko erabakia. Ebazpenak, ordea, badu oinarrizko baldintza bat, israelek ere gauza bera egitea. "Erresistentziako indarrek errespetatuko dute, okupazio indarrek gauza bera egiten badute", ohartarazi du Kjalil al Hayak komunikatu batean.

Egipto aritu da bitartekari lanak egiten, baina bileretan ez du parte hartu Israelgo ordezkaritzak. Hark, ordea, Informazio ministroaren bitartez erantzun dio Hamasen iragarpenari: "Hamasen esku dago guztia". Ordea, aldi berean iragarri du miliziek koheteak jaurtitzen jarraitzen badute erantzuna "are gogorragoa" izango dela.

Maiatzaren 14an, AEBek Jerusalemgo enbaxada zabaldu zuten egunean, sarraskia egin zuten Israelgo militarrek manifestarien aurka jota. Orotara, 60 pertsona hil eta 2.400dik gora zauritu zituzten militarrek. Nazioartean kritika ugari eragin zituen Tel Aviven jarrerak, eta Nazio Batuen Erakundeak gerra krimenak egitea egotzi dio.

Segurtasun Batzordearen bilera

Maiatzeko sarraskiaren ostean, gogortu egin dira Israelen aurkako erasoak. Hamasek eta Jihad Islamikoak dozenaka kohete jaurti dituzte Gazako lurretatik eremu okupatuetara. Horiek hala, arratsaldean larrialdiko bilera egitekoa du Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Ordea, goizeko iragarpenaren ostean, pentsatzekoa da su-etenaren gaia ere mahai gainean izango dutela nazioarteko ordezkariek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.