Mundua

Su-etena negoziatzen jardun arren, zortzi palestinar hil ditu gaur Israelek

Israelek alde bakarreko su-etena egin ala ez erabakiko du gaur; Egiptorekin negoziatzen dihardu. Baina erasoekin jarraitzen du: gutxienez zortzi palestinar hil ditu, horietako bi umeak, NBEaren eskola bat bonbardatuta.

2009ko urtarrilaren 17a
18:43
Entzun
Israelek gaur arratsalde-iluntzean erabakiko du alde bateko su-eten proposamena onartu ala ez. Egiptoko gobernuarekin negoziatzen dihardu. Baina ez ditu erasoak bertan behera utzi: gutxienez zortzi palestinar hil ditu gaur Gazan; horietako bi umeak dira (bost eta zazpi urteko anaiak), eta NBEko eskola baten kontrako erasoan hil dira. Gutxienez hamalau lagun zauritu dituzte bonbardaketekin, eta gehienak larri daude, bi umeen ama tarteko. 1.600 pertsona zeuden eskolan.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak berehalako su-etena eskatu du, Libanon. Hamasek ere eman du bere iritzia: ez du Israelen su-etena ontzat hartuko, alde bakarrekoa baldin bada eta ez biek adostutako akordioa. “Okupazioa amaitzen denean amaituko da borroka”, Osama Hamdan Libanoko Hamaseko ordezkariak dioenez.

Mugarik Gabeko Medikuen elkarteko bost laguneko talde batek Gazara sartzea lortu du, Jerusalemdik ezin irten hainbat egun igaro ostean. Zaurituei laguntzea da euren asmoa. Egoera oso larria da. Tel Aviveko aireportan 21 tona sendagai dituzte, Palestinara sartzeko baimenarekin zain.

Abenduaren 27tik 1.203 dira Israelek hildako palestinarrak, eta 5.300 inguru zaurituak. Moawiya Hasanin Gazako Osasun Ministeritzako larrialdi zerbitzuko buruak gaur eguerdian jakinarazi duenez, hildako 410 umeak dira, 108 haurrak eta 113 agureak.

Palestinarrek gutxienez bederatzi kohete jaurti dituzte Israelgo lurretara gaur goizean, inor zauritu gabe. Azken hiru asteetan 13 israeldar hil dira erasoetan, gehienak soldaduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.