Libia

Su-etena onartu du Haftarrek Libian, koronabirusari aurre egiteko

Astebetez Tripoli bonbardatzen aritu ostean etorri da buruzagi militarraren erabakia. Ohartarazi du aurkariek menia urratuz gero, bertan behera geratu dela su-etena.

Khalifa Haftarren ordezkari Ahmed Al-Mismari. KHALED ELFIQI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 21a
20:52
Entzun

Urtarrilean Berlinen egindako goi-bileran Europako buruzagiek lortu ez zutena lortu du koronabirusaren krisiak, alegia Khalifa Haftar buruzagi militarrak su-etena onartzea. Libiako Armada Nazionaleko buruak komunikatu baten bidez jakinarazi du erabakia, zeinean ohartarazten duen bi aldeek errespetatzen badute soilik iraungo duela meniak.

Fayez al-Serraj buru duen Tripoliko exekutiboak eta hura babesten duen NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatua zuten su-etena koronabirus kasuak mugatzeko helburuarekin. Izan ere, azken egunetan Haftarren indarrek etengabe bonbardatu dute hiriburua eta baita hainbat hildako eragin ere, pandemiaren kontrola ezinezko bilakatuz.

Lehen kasuak agertu zirenetik, bi aldeek elkarri egozten diote hura zabaldu izana kanpotik ekarritako mertzenarioen bidez. Tripoliko gobernuak Turkia eta Qatarren babesa du eta bere indaren artean ditu Siriako gerran aritutako milizianoak. Haftarrek, berriz, Sudango mertzenarioak kontratatu ditu, Errusiaren babesarekin.

Iazko apirilaren hasieran gogortu ziren borrokak Libian. Orduan Tripoli inguratzeko agindua eman zuen Haftarrek, NBEko idazkari nagusia, Antonio Guterres, han zela jakinik. Geroztik, eta iturri ofizialen arabera, 1.500 lagun hil dira eta 15.000 zauritu. Horrez gain, 130.000 herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte gerratik ihes egiteko.

Astearen hasieran Tripoliko gobernuak etxean geratzeko eskatu zien herritarrei, kutsatzeak geldiarazteko asmoz. Askok, baina, ez dute agindua bete, bonbardaketen beldur direlako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.