Sua zabalduko den beldurrez

Tunisiako matxinadak agerian utzi du botere diktatorial bat eroraraz lezakeela kaleko protestak; eredu hori auzoko beste estatuetara zabaldu daitekeela ohartarazi dute, batez ere Egipto, Aljeria eta Jordaniara.

2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Zine El Abidine Ben Aliren agintea erorarazi duen Jasminaren Iraultza ekintza bakan batekin hasi zen: etsi-etsian zen gazte batek —Mohamed Buazizi— bere buruari su eman zion abenduaren 17an. Aljerian, urtarrilaren 15ean, ekintza hori bera egin du langabezian zen gazte batek, eta hori ere erreduren ondorioz hil da. Antzeko beste gertaera latz batzuk ere egon dira azken egunotan Egipton eta Mauritanian. Diktaduren atzaparretan bizi izan diren gazteen egonezin sakonen zantzuak azaleratzen ari dira.

Afrikako iparraldeko eta Ekialde Hurbileko hainbat estatuk matxinadak pizteko ezaugarri berberak dituzte: gizarte desoreka handiak, pobrezia, langabezia, askatasun gabezia, demokratikoak ez diren aginteak. Horiek hala, hainbat agintariren artean kezka zabaldu da, eta urduritasuna areagotu egin da protesta soil batzuekin hasi zen matxinada nola amaitu den ikusirik. Tunisiarrekiko elkartasun agerraldi ugari egin dituzte, gainera, herritarrek estatu horietan guztietan, eta gobernu autokratiko horien etorkizuna kolokan dagoela esatera ausartu dira adituak. Protestak eta elkarretaratzeak, behintzat, ez dira falta izan, ez eta dimisio eskaerak ere.

Jordanian, igandean, 3.000 lagun baino gehiago —oposizioko kideak, sindikalistak, indar islamistetako jarraitzaileak— Ammango Parlamentuaren egoitzaren aurrean elkarretaratu ziren, prezioen igoera eta gobernuaren politika ekonomikoaren kontra protesta egiteko. Tunisiaren enbaxadaren aitzinean ere, elkarretaratzea egin zuten, matxinatutako herritarrei elkartasuna adierazteko. Yemenen, berriz, mila ikasle atera dira kalera hiriburuan; Magrebeko eta Ekialde Hurbileko herriak oldartzera deitu zituzten protesta egileek. Khartumen, oposizioko indarrektunisiarren iraultza txalotu dute. Mubarak el Fadil buruzagia, baina, haratago joan da, eta ohartarazi du «herria matxinatzeko prest» egon litekeela.

Kuwaiten ere agintarien aurkari diren diputatu andanadiktadorea boteretik haizatzeaz pozik agertu da. «Euren herriak zapaltzen dituzten eta arabiar-musulman nortasunari kalte egiten dioten gobernu guztiek zorte hau bera izango dute», adierazi du alderdi islamista bateko diputatu Walid al Tabtabalek.

Aljerian, iraganeko mamuak

Tunisiako herri matxinada hasi zen une berean, kale protesta gogorrak izan ziren Aljerian —indarkeriaren ondorioz gutxienez bostlagun hil ziren—. Herritarren haserrea baretzeko helburuan, oinarrizko elikagaien prezioen igoerak eragin zituzten zerga igoerak bertan behera uztea erabaki zuen gobernuak. Aljeriako eta Tunisiako egoeren artean antzekotasun ugari ikus baldin badaitezke ere, adituek zalantzak dituzte boterea arriskuan jartzeko matxinadarik egon daitekeen Aljerian. IRIS Nazioarteko Gaietarako Ikerketa Institutuko aditu Pascal Bonifac-ek nabarmendu du gerra zibil itzel bat pairatu ondoan, aljeriar ugari beldur direla muturreko islamismoa suspertuko ez ote den, herritarren matxinada baten mesedetan. Abdelaziz Buteflikaren agintea arbuiatzen dutenen artean ere bada odola erruz isuri zen iragan batera bueltatzeko beldurra.

Egipton dago antzeko zerbait gertatzeko probabilitate gehien aditu eta politologoen arabera. Hosni Mubarak presidenteak 30 urte daramatza boterean, eta larderia handiz jarduten du. Anaia Musulmanak oposizioan nekez aritzeko aukera duen alderdiko kideek arreta handiz jarraitu dituzte Tunisiako gertakariak. Erakunde islamistako burukide Hamdi Hassanek antzekotasun asko atzematen ditu Tunisia eta Egiptoko egoera politikoen artean; «aginte zapaltzailea, iruzurrez jositako hauteskundeak, ustelkeria, pobrezia eta langabeziahandiak».

Ahmed Abu Graib Egiptoko Atzerri ministroak, baina, erabat baztertu du matxinada bat gerta daitekeela. «Tunisian jazo dena beste herrialde batzuetara heda daitekeela entzutea eta irakurtzea itxurarik gabeko hipotesia da; izan ere, herrialde bakoitzak bere berezitasunak ditu». Egiptoko diplomaziaburuak «herrialde arabiarretako aferetan sudurrik ez sartzeko» eskatu dio Mendebaldeari. Hillary Clinton AEBetako diplomaziaburuari erantzun dio hitz horien bidez, hark estatu arabiar-musulmanei askatasunak garatzeko aholkua eman zielarik iragan ostegunean, eta hori egin ezean «muturreko islamisten indarra haziko» zela iradoki zuelarik.

Ikusteko dago Tunisia izango ote den presidentea kanporatu duten estatu arabiar bakarra.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.