Irudi lazgarriak utzi ditu astelehen eguerdian Valentziako Lutxent herrian sortutako suteak. 2.600 hektarea baino gehiago erre ditu jada suak eta 20 etxe guztiz kiskali ditu Gandia kanpoaldeko hiru auzotan. Valentziako Generalitateak zabaldu duenez, 3000 pertsona baino gehiago atera behar izan dituzte beren etxeetatik.
Gaur goizean izandako haize bolada bortitzek sua Marxuquera herrira zabaldu dute eta Gandia herri turistikora gerturatzen ari da. Suteak balio ekologiko handiko eremua erre du, tartean ehun urtetik gora zeukan artelatzez osatutako baso bat.
Sutea itzaltzeko lanetan 600 suhiltzaile eta 25 hegazkin ibili ziren atzo eta gaur goizean bertze bi gehituko zaizkie. Espainiako eta Herrialde Katalenetako hainbat basetik suhiltzaile gehiago bidaliko dituzte. Hezetasun faltak eta 60 km/h-tik gorako haize bolada bortitzak lanak erabat baldintzatzen ari dira eta ez da espero hobera egitea, gaurko ere haize bolada bortitzak iragarri baitituzte.
Erreskatatutako 3000 pertsonentzat hiru aterpetxe ireki ditu Gurutze Gorriak .