Sudan eta Txadeko presidenteen arteko ezinikusia aspaldikoa da, eta, horregatik, iragan asteartean, sei urtean aurreneko aldiz, elkarrekin bildu izana soilik keinu adierazgarritzat jo du nazioarteak. Omar al Bashirrek eta Idriss Debyk alde bateko eta besteko miliziak trebatzea eta sostengatzea leporatu diote elkarri urteotan, baina aste honetan amaitutzat eman dituzte bien arteko ezadostasunak. Aurrerantzean miliziei sostengua ez ematea eta partekatzen duten 600 kilometroko mugan bi herrialdeetako tropak elkarrekin aritzea hitzeman dute. Sudanen eta Txaden arteko gerraren amaieraren iragarpena, hala ere, zuhurtasunez hartu behar da; batetik, bi herrialdeetan hauteskundeak egingo dituztelako aurten -apirilean eta azaroan- eta, bestetik, aurretik hitzartutako bake itunak ezerezean gelditu direlako.
Bake prozesua, etenda
Darfur Sudanen eta Txaden artean dagoen lurralde idorra da, eta zazpi urte dirau gatazkak. Sudango Gobernuak trebatzen eta babesten dituen janjauid milizia arabiarrek sarraskia eragin dute urteotan bertako herritarren artean, eta oraindik ugariak dira erasoak, borrokak, bortxaketak, torturak eta arpilatzeak. Iheslarien kopurua, horregatik, gero eta ugariagoa da, eta gaur egun desplazatu gunetan bizi dira eskualdeko herritarren erdiak; 2,7 milioi iheslari daude sei milioiko lurralde batean.
Khartumgo gobernuak bertako herritarrak baztertzen zituela argudiatuta ekin zioten borroka armatuari matxinoek, eta urteekin, ezadostasunak izan direla medio, etengabeak izan dira euren arteko zatiketak. Azken urteetan erruz hazi da talde matxinoen kopurua, dozenaka izateraino, eta, orain, bi asteko negoziazioen ostean, hiru taldetan elkartzeaerabaki dute: SLM Sudan Askatzeko Mugimendua, JEM Justizia eta Berdintasuna Mugimendua eta Errepide Maparen Taldea. Qatarren egindako pausoak bake negoziazioak susta ditzake; izan ere, zatiketak neurri handi batean eragotzi egin du berez zaila den elkarrizketa. SLM eta JEM prest daude, bakoitza bere aldetik bada ere, bitartekariekin elkartzeko, baina hirugarren taldeak uko egin dio negoziatzeari alde guztietako ordezkariez osatutako taldea eratu artean.
Etenda dagoen bake prozesua berriz abian jartzeko bidea ikusi du, zentzu horretan, NBEk. Dmitri Titovek jakinarazi duenez, Khartum dagoeneko talde matxinoekin negoziatzen ari da, bitartekarien bidez; baina ezin daiteke esan, haren hitzetan, horiek negoziazio formalak direnik. Hala ere, hori ere, gauza ona dela uste du Titovek. Eta itxaropentsu egoteko beste arrazoi bat du; izan ere, hilaren amaierarako tropa gehiago izango ditu nazioarteko bake misioak. Unamid da erakundeak egun duen misio zabalena; egun 18.000 soldadu ditu eta espero da aurki 26.000 izatea. Kasko urdinak bakea bermatzeko ezinbestekotzat jo ditu NBEk.
Garbiketa etnikoa
Darfurko fur, masalit eta zagaua etnietako herritarrek, bien bitartean, ezin dute bakea irudikatu, tartean, urteotako lazturak etsipenean murgildu dituelako. Darfurren, orotara, 300.000 lagun hil dira urteotan, eta horrek mende honetako giza tragedia handiena bilakatu du. Ameriketako Estatu Batuentzat «genozidioa» gertatzen ari da, eta «garbiketa etnikoa» Nazioarteko Zigor Auzitegiarentzat. Darfur, hala ere, nazioartearen ahanzturan galdu den lurraldea da.
Omar al Bashir presidenteak 1989an estatu kolpea eman eta bi urte geroago ezarri zuen xaria legea. Herritar animista eta kristauak baztertu zituen horrela eta, armada ahul eta txiki baten aurrean, milizia arabiarrak eratzeari ekin zion. Horiek izan dira fur, masalit eta zagauen ikararen iturri; janjauid miliziei «kalashnikovak dituzten deabruaren zaldizkoak» ezizena jarri diete. Latorrietan lehergailuak sartu eta airetik botatzen zituzten herrien gainean. Haua Abdula Mohammedek horregatik egin zuen ihes etxetik: «Airez eta lurrez eraso gintuzten. Gurekin batera ihes egin zuten emakume eta neskato asko bidean harrapatu eta bortxatu egin zituzten». Abu Shouk kanpalekuan bizi da egun.
Hagak errudunak epaitzeko egindako lana antzua izan da
Nazioarteko Zigor Auzitegia 2005ean ekin zion auzia ikertzeari, baina orain artean egindako ahaleginak antzuak izan dira. Omar al Bashir presidentea atxilotzeko agindua eman zuten 2008an, baina orain arte ezin izan dute epaitu: genozidioa leporatzen diote.Abu Garda matxinoa aske utzi dute.300.000
Darfurren hildakoak. Giza talde baten kontrako krimen masiboa da genozidioa eta, hala, ezin ukatu hori gertatzen ari dela Darfurren. Zazpi urtean 300.000 lagun hil dituzte. Fur, masalit eta zagaua etnietako kideak dira hildako gehienak; beraz, garbiketa etnikoa ari dira egiten.Zazpi urte dirauen genozidioa
BORROKAREN HASIERA2003ko otsaila. Khartumi Darfurko herritarrak baztertzea leporatu, eta borrokari ekin zioten miliziek.
2003ko maiatza. SLA Sudan Askatzeko armadak 500 soldaduhil eta beste 300 bahitu zituen Kutumen. Tinayn, uztailean, beste 250 hil zituzten.
2004ko urtarrila. Sudango armada sartu zen Darfurren.
GATAZKA OKERRERA
2004ko maiatza. Washington Holocaust Memorialek genozidiotzat jo zuen gatazka.
2004ko uztaila. NBEk janjauid miliziak desarmatzeko epea ezarri zion Sudani.
2004ko abuztua. Omar al Bashir presidenteak esan zuen «petrolioa eta urrea» bilatzeko interesek eragin zutela krisia.
BAKE AKORDIO ANTZUAK
2006ko maiatza. Sudango Gobernuak eta SLA Sudan Askatzeko Armadak bakea sinatu zuten. Aurretik egindako akordioetan bezala paperean gelditu zen hitzarmena.
2007ko martxoa. Nazioarteko krimenak egitea egotzi zion NBEk Sudani.
2007ko apirila. Nazioarteko soldaduak onartu zituzten.
2008ko apirila. Darfurren300.000 lagun hil zirela jakinarazi zuen NBEk.
Darfurko desplazatu guneetan gero eta jende gehiago bizi da; behin-behineko egoera zena betikotu egin da, eta iheslariekez dute etxera itzuli nahi, ez behintzat gatazka amaitu artean.
«Ez dut jaioterriraitzultzeko asmorik»
Patrick Johanson. Al FasherIsmail Ahmadek bere auto kalamastran egin ohi du joan-etorria egunero desplazatu gunetik Al Fasherrera. Nazio Batuen Erakundeak Darfurko hiriburuan duen bulego nagusira iristen da goizero bertan laguntzaile eta itzultzaile lanak egiteko. Iluntzean Abu Shouk kanpalekura itzultzen da. Duela hiru urte baino gehiago egin zuen ihes familiarekin eta beste dozenaka herritarrekin bateraKutumdik. Darfur iparraldeko hiri hori inguratu egin zuten janjauid miliziek eta egoera okerrera egiten ari zen egunetik egunera.
Abu Shouk, Al Salam eta Zam Zam dira iheslari gune jendetsuenak. Darfurko hiru kanpaleku horietan milioi erdi desplazatu baino gehiago bizi dira egun. Al Fasher hiriburutik gertuen daudenak dira eta ongien prestaturikoenak ere. Hiru urte hauen joanean herri berriak sortu dituzte desplazatuek; garai batean, adarrez eta plastikoz egindako txabola ziztrinak zituzten babesleku; orain, baina, adreiluz egindako etxeak eraikitzen hasiak dira, labe bakunetan egositako adreiluz eraiki ere. Kanpalekuetan badituzte, besteak beste, osasun zerbitzuak, eskolak, ur-hornidura guneak, eta, lehenbiziko jaki dendak ere.
Darfurren, gerra dela bitarteko, aldatu egin da antropologia egoera. Urbanizazio berriak eraiki dituzte barne desplazatuek behin-behineko egoera zena betikotuz; urbanizazio horietako bizilagunek, izan ere, ez dute ostera lekuz aldatzeko asmorik. «Ez dut jaioterrira itzultzeko asmorik», diosku ziur Ahmadek. Al Fasherren segurtasuna du eta ekonomikoki ere etorkizun itxaropentsuagoa du hemen jaioterrian baino. Kutum erdi suntsituta dagoela dio, bere artean, eta horregatik ez da itzuliko, «ez, behintzat, hurrengo urteetan. Zertarako itzuli?».
Horrez gainera, askoz ere lan eskaintza handiagoak ditu Al Fasherren. NBEren misioak eragindako lan eskaintza eskerga baliatzen jakin du eta inork ez dio ziurtatu matxinoek berriro ere herriari erasoko ez diotenik. «Abu Shouken egonkortasuna aurkitu dut azkenean, hainbeste urtean haren bila ibili eta gero».
Ahmaden kasuak argi adierazten du zer-nola narriatu den herrialdea, gatazka dela bitarteko, eta, nazioarteko giza laguntza dela bitarteko. «Iheslari profesionalaren irudia ari da sortzen Darfurren», hala dio izena isilean gorde nahiago duen nazioarteko erakundeko bozeramaile batek. NBEko agentzietako ordezkariek eta baita gobernuz kanpoko hainbat erakundetakoek ere uste dute nazioarteakhasieran esku hartu zuela gatazkan, baina orain ez dakiela noiz eta nola amaitu lana.Izan ere, hala tokian tokiko buruzagiek nola gobernukoek muturreraino eraman dituzte eskakizunak, sarritan laguntza eskaera neurrigabeak egiteraino.
Gerraren paradoxak
Azken hilabeteotan eskualdearen erdialdeko 5.000 biztanlek baino gehiagok egin dute ihes, eta handik kilometro batzuk iparraldera jo babes bila, aire zabalean kanpatzeraino. NBEren instalazioen inguruan babestu dira; Shangil Tubayan eta Dar al Salamen. Ez dute ez urik ez janik, eta txabola ziztrin batzuk eraiki dituzte, baina ez diete balio haizeteetatik eta hareazko ekaitz sarrietatik babesteko ere. Emakumezkoak eta haurrak dira iheslari berri horietako asko, haien senarrak hainbat miliziatan sartuta baitabiltza. Senarrek elkar hiltzen duten bitartean, alde batekoen zein bestekoen emazteak elkarren ondoan bizi dira metro gutxian. Gerrak dituen paradoxak.