Moreno-Ocampok oso hitz gogorrak erabili zituen atzo Sudango Gobernuaren kontra, eta estatuburuaren aurkako salaketak ere ez dira nolanahikoak. Zenbaki ofizialek 300.000 hildako eta ia hiru milioi desplazatu aipatzen badituzte ere, giza laguntzarako taldeek biktimak askoz gehiago izan daitezkeela uste dute. Khartumek, ordea, ukatu egin ditu akusazio guztiak, eta ohartarazi dio nazioarteari horiek bake prozesua trabatu besterik ez dutela egingo. Bai presidenteak berak, eta baita presidenteordeak ere, ukatu egin dute ICCren agintea. «Sudanek ez zuen ICCn sartzea onartu, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du inolako aginterik Sudango herritarrengan», adierazi du Osman Ali Taha presidenteordeak. Gobernuak iragarri du, Hagak atxilotze agindua onartuz gero, hura indargabetzeko eskatuko diola NBEko Segurtasun Kontseiluari.
Ez da Khartumek entzungor egiten duen lehen aldia. Iaz Hagak Giza Laguntzarako ministro Ahmad Harun eta janjauid milizien buru Ali Kushaib atxilotzeko agindu zuen, baina alferrik. Berez, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du eskumenik bere agintea onartu ez duten herrialdeetan. Baina 2005ean NBEko Segurtasun Kontseiluak Sudango gatazka epaitzeko aginte berezia eman zion.
Giza laguntzaileak etxera
Khartum ez da izan, ordea, Hagaren erabakia kritikatu duen bakarra. Zenbait buruzagi beldur dira fiskal nagusiaren erabakiak ez ote duen Gobernuak eta gerrillariek hasitako bake prozesua bertan behera utziko, eta nazioarteko militarren aurkako erasoak ugaritzea ekarriko. «Bake akordio baterako azken itxaropenak bertan behera geratu dira Hagaren erabakiarekin. Eta bake akordiorik gabe Somaliaren edo genozidioaren aurreko Ruandaren bidea jarraituko du Sudanek», ohartarazi du AEBek herrialde hartan zuten ordezkari bereziak, Andrew Natsiosek. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek berak bake elkarrizketen garrantzia nabarmendu du, baina eskubideak ahaztu gabe: «Justiziak eta bakeak eskutik joan behar dute. Sudango prozesu politikoak ezin du luze iraun, eskubideak errespetatzen ez badira».
Horiek hala, nazioarteak badaezpadako neurriak hartu ditu. NBEk eta Afrikako Batasunak 9.500 soldadu dituzte Darfurren, eta, indarkeriaren beldur, babesean geratzeko agindu diete. Horretaz gain, militarrak ez diren giza laguntzaileak erretiratzen hastekoak dira gaur. Atzo bertan ehunka lagunek manifestazioa egin zuten hiriburuan, Al Bashirren alde. «Aurrera Bashir, zure soldaduak gara» oihukatu zuten manifestariek.
Khartumek presidentea ez duela atxilotuko argi utzi duen arren, Sudanentzat ondorio larriak ekar ditzake Hagako epaileek hura atxilotzeko eskaera onartzeak. Izan ere, nazioarteko legediaren arabera, Hagak auzitegiko kide den edozein herrialderi eska diezaioke Al Bashir atxilotzeko. Horretaz gain, Khartumekin harremanak dituzten herrialdeetan ere izango luke eragina erabakiak. Horietako bat da Txina. Zenbait iturriren arabera, Pekinek armak saltzen dizkio Sudani. Azkenik, iheslari eta desplazatuei ekarriko lizkieke ondorio larrienak; izan ere, Khartumek erabaki dezake ateak ixtea, eta, hala, errefuxiatuen egoera muturrera eramango luke.
Gizonezkoak hiltzeneta emakumeak bortxatzen dituzte Bashirren indarrek»
Luis Moreno-Ocampo
Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusia
«Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez du inolako aginterik Sudango herritarrengan»
Osman ali taha
Sudango presidenteordea
«Sudango prozesu politikoak ezin duluze iraun, eskubideak errespetatzen ez badira»
Ban Ki-moon
NBEko idazkari nagusia
Akusazioak
DARFURKO GENOZIDIOAGarbiketa etnikoa. Fur, masalit eta zagaua etnien aurkako operazioak zuzentzeaz akusatu dute Sudango presidentea. Haien bizi-baldintzak muturrera eraman, eta tribu osoak desagerraraztea egozten diote.
Gizateriaren aurkako krimenak. Hilketak, kanporatzeak, bortxaketak eta torturak agintzeaz akusatzen dute.
Gerra krimenak. Darfurko herritarren kontrako erasoak eta lapurretak agindu zituela uste du nazioarteak.
Omar al Bashir
Buruzagi gerrazalea
Estatu kolpe baten bidez lortu zuen boterea, eta indarra baliatuz jarraitzen du bertan Sudango presidente Omar al Bashirrek (1944, Hoshe Bannaga, Sudan). Agintean daramatzan bederatzi urteetan behin eta berriz leporatu diote eskubideak urratzea, baina horrek ez du geldiarazi. Ez ditu Mendebaldearen eskumena eta aginduak onartzen. Hori argi utzi zuen NBEk iragarri zuenean Darfurrera kasko urdinak bidaliko zituela. Orduan ohartarazi zien misioa onartuko zuela soldadu gehienak Afrikako Batasunekoak baziren soilik. Horiek, ordea, ez dute nahi bezala mugitzeko aukerarik. Bi emazte ditu Al Bashirrek, baina seme-alabarik ez.Bost urtez infernuan
2003ko otsaila. Khartumi Darfurko herritarrak baztertzea leporatu eta borroka armatua hasi zuten miliziek.2004ko urtarrila. Armada Darfurren sartu zen, eta milaka lagunen ihesaldia eragin zuen.
2005eko martxoa. Sudanen esku hartzeko baimena eman zioten Nazioarteko Zigor Auzitegiari.
2007ko apirila. Sudanek NBEko soldaduak onartu zituen.
2007ko maiatza. Giza laguntzarako ministroa eta janjauid milizien burua atxilotzeko agindu zuen Hagak.
2008ko apirila. Darfurren 300.000 lagun hil zirela esan zuen NBEk.
2008ko uztailaren 14a. Omar al Bashir presidentea atxilotzeko eskatu zuen Hagako fiskal nagusiak.