Heglig eskualdearen kontrola berreskuratu duela baieztatu du Sudango Gobernuak. Hego Sudango tropek joan den apirilaren 10ean hartu zuten kontrolpean Heglig eskualdea, petrolio erreserba garrantzitsuak dituena; Sudango petrolioaren %70 dago han. Azken egunetan bi herrialdeen arteko tentsioak gora egin du, Khartumek Juba «etsai» deklaratu eta mugaldean bonbardaketak egiteraino.
Abdel Rahim Hussein Sudango Defentsa ministroak zehaztu du hiria berreskuratzeko erasoan «kalte handiak» eragin dituztela Hego Sudango armadan; giza kalteak zein materialak. Hala ere, gaineratu du Khartumgo tropak «kontu handiz» mugitu direla Hegligen, petrolio eraikinak ez hondatzeko. Izan ere, joan den eguenean petrolio eraikinak hondatu izana leporatu zion Khartumgo gobernuak Jubari.
Beste bertsioa
Hego Sudango Gobernuak, baina, bestelako bertsioa azaldu du. Hiru egunean bere tropak Hegligetik aterako dituela iragarri zuen atzo, horrela «bi herrialdeen arteko elkarrizketarako aukera zabaltzeko».
Azken egunetan indarkeria baztertzeko eta gerra saihesteko eskaria egin die nazioarteak bi herrialdeei. Jubak tropak erretiratzea, hain zuzen, NBEri eta Afrikako Batasunari eginiko keinu bat da Salah al-Malih Hego Sudanek Kairon duen ordezkariaren arabera, bi estatuek oraindik konpontzeko dituzten gaietarako «intentzio ona» duela erakusteko.
Sudanek Heglig eskualdearen kontrola berreskuratu duela esan du
Hego Sudanek, berriz, jakinarazi du hiru egunean aterako dituela tropak mugaldeko eskualdetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu