Sudanen Afrikako Batasuneko bost soldadu hil dituzte eraso batean

2007ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Sudan mendebaldean dagoen Darfur eskualdean daude zabalduta AMIS Afrikako Batasuneko Bake Indarrak. Herenegun misioko bost soldaduk bizia galdu zuten eraso batean. Nuredin Meznik AMISeko bozeramaileak emandako argibideen arabera, militar horiek ur putzu bat zaintzen ari ziren Um Barru izeneko tokian eta gerrillari talde batek eraso zien. Tiroketetan bertan, bake indarreko lau soldadu hil ziren, eta larri zauritutako beste bat geroago hil zen. Afrikako Batasuneko Bake Indarreko eledunak zehaztu zuen, halaber, hiru erasotzaile hil zirela, baina haiek nortzuk ziren ez zuen argitu.

2004. urtearen amaieratik, eskualdean zabaldu zenetik, hamabost militar galdu ditu AMISek. Afrikako Batasunak Sudan mendebaldeko eskualde honetan zazpi mila soldadu inguru ditu zabalduak gaur egun. Bake indar honek, baina, ezin ditu eragotzi Gobernuaren aldeko indarrek eta hauen aliatu janjauid milizia arabiarrek biztanleen aurka egiten dituzten erasoak. Darfurren orain dela lau urte piztutako gerrak 200.000 lagunen heriotza eragin du, eta beste bi milioi inguru euren biziguneetatik inguruko herrialdeetara ihes egitera behartu ditu.



HIRUROGEI BAT HILDAKO ERASO BATEAN. Joan den larunbatean, bestetik, Torjam leinu arabiarreko hirurogei bat lagunek bizia galdu zuten. Darfur hegoaldean bizi dira torjamak eta haien herriari eraso zioten. Atzo oraindik ere ez zegoen argi zer gertatu zen.

Khartumgo Gobernuak uko egin dio orain arte nazioarteko soldaduak eskualdean sartzeari. Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan salatu du gertatzen ari dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.