Hagan (Herbehereak) egoitza duen NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusi Luis Moreno-Ocamporen esanetan, Sudango Gobernuak Darfur eskualdean daraman politikaren arlo batzuk alemania naziarekin konpara daitezke. Atzo salatu zuenez, Gobernua, soldaduen eta milizien bidez, Darfurko herritarrei erasotzen ari zaie, eta eginiko krimenak estali edota ukatzen ari da. «Lehenago ikusi dugu. Erregimen naziak subiranotasun nazionala argudiatzen zuen bere populazioari erasotzeko, eta geroago mugak zeharkatu zituen beste herrialde batzuetako jendeari erasoa jotzeko».
Sudango Giza gaietarako Estatu idazkari Ahmed Haruni eta janjauid milizietako buru Ali Kosheibi gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkiete, eta NZAk haiek atxilotzeko agindu du. Baina Khartumek ez du onartzen hark eskua sartzerik, eta ez dituela bi akusatuak entregatuko iragarri du aste honetan. Ondorioz, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Khartum estu hartu, eta auzitegiarekin elkarlanean aritzeko eskatu dio. «Khartumek auzitegiarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu» zuela gogorarazi du idazkari nagusiaren eledun Michele Montasek.
GERRA AMAIGABEA. Iazko apirilean aurkeztu zituen Fiskaltzak Harun eta Kosheiben aurkako akusazioak. Janjauid miliziei armak eta dirua ematea egozten diote lehenari; bigarrenari, berriz, matxinoei ustez laguntza ematen zieten herritarren aurkako operazioak egitea. Khartumek, bi akusatuak entregatu ordez, Giza gaietarako arduradun izendatu du Harun. Darfurko gatazkako biktimei laguntzea litzateke, berez, haren lana.
2003an piztutako gatazkaren ondorioz, 200.000 lagun inguru hil dira, eta bi milioi baino gehiagok ihes egin behar izan dute. NBEk eta Afrikako Batasunak Suitzan amaitu berri duten bi egunetako goi bileran elkarrizketetarako errepide mapa hitzartu dute.
Sudango Gobernua naziekin alderatu du Hagako fiskalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu