Amore eman dute Sudango Sun Air konpainiako Boeing 737 hegazkina atzo bahitu zuten ekintzaileek. Beren burua entregatu dute, bahituta zituzten eskifaiko sei kideak aske utzi ondotik. Goizean, hegazkineko 187 bidaiariak utzi dituzte libre.
Boeing 737a bahitu eta Libiako aireportu batera desbideratu zuten bi ekintzaileek beren burua entregatu diote Libiako Poliziari.
Ez dago argi bahitzaileak entregatzearen arrazoia. Izan ere, Parisera hegan egitea exijitu dute gaur goizean atzotik bahituta zituzten 187 bidaiariak askatu ondoren. Ez dago argi negoziaziorik izan den, Parisera joan beharrean beste ezer eskaini dieten, edota, besterik gabe, etsituta, amore eman duten.
Hala ere, hegazkinean tripulazioko sei kide zituzten oraindik euren esku, tripulazioko bi emakumeak askatu dituzte eta.
Jana Libiako albiste agentzia ofizialaren esanetan, hegazkineko bidaiarien artean Sudaneko hainbat politikari zeuden, Darfur eskualdeko zenbait buruzagi besteak beste. Era berean, Egiptoko Poliziako bi ofizial, bi etiopiar eta ugandar bat ere hegazkinean ari ziren bidaiatzen.
Zenbait bidaiarik Libiako telebistari emandako adierazpenetan jakinarazi dute bahitzaileak bi zirela eta pistolak zituztela.
Mundua
Sudango hegazkinaren bahitzaileek beren burua entregatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu