Sudango kostaldean ontzi batek su hartu du, eta hondoratu egin da. 197 pertsona hil dira, eta hiru bizirik atera dira. Sudangoak eta inguruko herrialdeetakoak ziren denak, eta, antza denez, Arabia Saudira zihoazen. Itsasoratu eta lau ordura gertatu zen ezbeharra. Oraindik ez dakite zergatik hartu duen su ontziak.
Bizirik atera diren hiru etorkinak Atiabako ospitalera eraman zituzten, Sudango portutik 200 bat kilometrora. Ontziaren jabeak, berriz, atxilotu egin dituzte. Jabeak yemendarrak ziren.
Itxura denez, joan den larunbatean hondoratu zen ontzia, baina orain zabaldu da berria.
Ez da lehen aldia Afrikako Adarretik Saudi Arabiara doan ontzi bat hondoratzen dena. Nahiko ohikoa da. Sudango barne gatazkak direla eta, milaka pertsonak egiten dute ihes ontziz herrialdetik, eta asko hondoratu dira bidean. Ihes egiteko beste bide batzuk erabiltzen dituztenek ere ez dute askotan zorte hobea izaten: etxerik ez, desnutrizioa... Asko izaten dira arazoak.
Ekainean, esaterako, 40.000 lagunek baino gehiagok egin zuten ihes Sudango Kadugli hiritik. Armadaren erasoetatik ihesi biztanleen erdiak joan ziren, eta herria erdi hutsik geratu zen.
Maiatzean, berriz, 150.000 pertsonak egin zuten alde Abiei eskualdetik. Save The Children erakundearen arabera, ihes egindako horietatik 35.000 umeak ziren, eta kezkaturik agertu ziren egon zitezkeen egoeragatik.
Independentzia hegoaldean
Joan den urtarrilean erreferenduma egin zuten Sudanen. Emaitzak argiak izan ziren: %98,8k Sudan bitan zatitzearen alde egin zuten. Hala, azken hogei urteetan hegoaldearen eta iparraldearen artean izan den gerra zibila amaitu nahi dute. Bi milioi hildako baino gehiago utzi ditu gerra horrek.
Datorren larunbatean Hego Sudanek bere independentzia aldarrikatuko du. Dena den, ez dirudi horrekin herrialdearen arazoak amaituko direnik. Izan ere, Afrikan azken 60 urteetako lehorterik larriena bizi dute.
Sudango kostaldean 197 lagun hil dira itsasoan hondoratuta
Ontzia su hartu ondoren hondoratu da, eta hiru lagun baino ez dira bizirik atera; jabeak atxilotu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu