Abdalla Hamdok Sudango lehen ministroa Khartumgo bere bulegora zeraman konboiari eraso diote, bonba batekin, baina onik irtetea lortu du. «Sudango herriari adierazi nahi diot salbu eta ondo nagoela», idatzi du Twitterren. Erasoaren ostean, Sudango trantsizioa bultzatzeko borondatea berretsi du Hamdokek. «Gaur gertatu dena ez da eragozpena izango gure trantsiziorako, Sudanen aldaketa garatzeko bultzada baizik».
Lehen ministroaren esanetan, Sudango «iraultzak» ez du atzera bueltarik, «bake egonkor bat» lortzeko «prezio altua ordaindu» baita. Hamdokek gaineratu du «iraultza» bere »izaera baketsuak» babestuko duela.
Lehen ministroaren kontrako atentatua «iraultza zapuzteko konspirazioa» dela ziurtatu du Jaled Omar Kongresuko Alderdiaren idazkari nagusiak.
Hamdok 2019ko abuztutik da Sudango lehen ministro. Agintari militarrek eta oposizioko mugimenduak boterea banatzeko sinatu zuten akordioaren ondorioz iritsi zen kargura.
EB Europako Batasunak babesa agertu dio lehen ministroari. Josep Borrell EBko diplomaziaburuaren esanetan, Europak «Sudango trantsizioa babesten» jarraituko du. «Ez dago atzerapauso posiblerik. Iraultzaren idealei eutsi behar zaie», adierazi du Twitterren.
AEBek Khartumen duten enbaxadak ere erasoa salatu du. «Sudanen zibilek gidatutako trantsizio gobernua babesten jarraitzen dugu, eta elkartasuna adierazi nahi diegu sudandarrei».