Afrikako 54. estatua bilakatuko da heldu den uztailaren 9an Hego Sudan. Aljeria izango da orduan kontinente beltzeko herrialde handiena —2.381.741 kilometro koadro —. Izan ere, Hego Sudango independentziaren eguna, gero eta gertuago dago. Hauteskunde Batzordeak duela hamar egun helarazitako emaitzak berretsi ditu; herritarren %98,83k bozkatu zuten baiezkoaren alde iragan urtarrilaren 9a eta 15a bitartean egindako galdeketan. Omar al Bashir presidenteari igorri ostean eman dituzte jakitera erreferendumaren emaitza ofizialak. Al Bashirrek aurretik emandako hitza bete egingo duela adierazi du independentziari ez diola oztoporik ezarriko zehaztuta: «Emaitzak jaso ditugu eta onartu eta errespetatu egingo ditugu, ezen hegoaldeko herritarren borondatea adierazten baitute».
Iparralde musulman eta hegoalde animista eta katolikoaren arteko banaketa, baina, ez da samurra izango. Hogei urte iraun zuen gerra zibilaren arrastoak oraindik ere nabariak dira, eta duela bost urte bake itunean adostutako puntuetako asko gauzatzeke daude; tartean mugen zehaztapena eta petrolio baliabideen banaketa. Salva Kiir hegoalde autonomoko presidenteak jakinarazi du aro berri bat hasi dela eta lehentasuna orain zehaztu gabe dauden auziei irtenbidea ematea dela.
Errefuxiatuak
Independentziarako prozesua, beraz, ez dirudi bost hilabetean bideratuko denik. Abiei eskualdea izango da bide horretan trabarik handiena; oraindik ez dute ezarri han egitekoa zuten erreferendumerako eguna. Erruz daude ura eta petrolioa eremu horretan, eta jatorri ezberdineko bi tribuk aldarrikatzen dute jabegoa; dinka animisten eta miseria arabiarren arteko borrokak ohikoak dira.
Erreferenduma egin zenetik hegoaldera iristen diren errefuxiatuen etorkizuna bermatzea izango da beste erronketako bat. Egunean bi mila lagun inguru iristen dira mugara, eta horientzako giza laguntza ezinbestekoa dela ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Nazio Batuen Erakundearen arabera, jada 140.000 lagun itzuli dira jaioterrira, baina etxerik ez dutenez errefuxiatu guneetan babesten ari dira. Azpiegiturak eraikitzea ere ezinbestekoa izango da.
Makalal barrutian asteartean hasitako borrokak, berriz, hedatzen ari dira Melut eta Paloitxera. Dagoeneko 50 lagun hil dira iparraldeko eta hegoaldeko soldaduen arteko enfrentamenduetan.
Sudango presidenteak dio ez diola oztoporik ezarriko hegoaldeko independentziari
Herritarren %98,83k bozkatu zuten baiezkoaren alde urtarrilean egindako erreferendumean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu