ERREFUXIATUEN KRISIA

Suedia, 80.000 errefuxiatu indarrez kanporatzeko prest

Anders Ygeman Suediako Barne ministroak esan duenez, iaz jasotako 163.000 asilo eskaeretatik erdiak ez dituzte onartuko, eta 60.000 eta 80.000 iheslari artean kanporatuko dituzte, indarrez behar izatekotan. Oposizioak eta errefuxiatuen eskubideen aldeko abokatuek gobernua kritikatu dute, Suediako Migrazio Bulegoaren jarduna oztopatzeagatik.

Errefuxiatuak Presevon, Serbian. STR / EFE
Adrian Garcia.
2016ko urtarrilaren 28a
07:57
Entzun

Iaz Suediara iritsi ziren 163.000 lagunen eskaerak aztertzeko ditu Migrazio Bulegoak, baina Stockholmek dagoeneko iragarri du erdiak kanporatu egingo dituela. Elkarrizketa batean ohartarazi du Ygeman Barne ministroak herrialdeak "erronka handi bati" aurre egin beharko diola. Behar izatekotan, indarrez kanporatuko dituzte baimena ukatutakoak. "Lehenengo urratsa izango da euren borondatez itzultzeko baldintzak sortzea. Baina hori nahikoa ez bada, indarrez itzularazi beharko ditugu".

Orain arte kanporaketak ohiko hegazkin komertzialetan egiten ziren, eta banaka, baina orain propio kanporaketetarako prestatutakoak jarriko dituzte. Poliziarekin eta Migrazioko Bulegoarekin ari dira plana egiten, eta pixkanaka egingo dute. EB Europa Batasuneko beste herrialdeekin elkarlanean aritu nahi du gobernuak, Alemaniarekin esaterako. Afganistanekin eta Marokorekin ere akordioak itxi nahi ditu Ygemanek.

Hala ere, asiloa ukatzen zaienetako asko legez kanpo han geratuko direla badaki Barne ministroak, Migrazio Bulegoak Poliziaren esku uztera doazela desagertu egiten baitira. “Baliabide gehiago beharko ditugu, eta instituzioen eta segurtasun indarren elkarlan handiagoa”. Stefan Lofven lehen ministroak dagoeneko baliabide gehiago agindu ditu Poliziarentzat, aste honetan 22 urteko gazte bat errefuxiatuen zentro batean hil ondoren.

Bataz beste 229 egun behar izaten dituzte asilo eskaerak ebazteko, eta gehienak udazkenean egin zirenez, hurrengo urte hasiera arte ez dira kanporaketa masiboekin hasiko. Lofven lehen ministro sozialdemokratak gutxiengoan gobernatzen du, eta haren onarpen maila asko jaitsi da azken hilabeteetan, errefuxiatuen krisiagatik batez ere.

Iaz 55.800 kasu aztertu zituzten, eta horien erdiak onartu dituzte. Datu hori aintzat hartuta egin ditu zenbakiak Barne ministroak. Aztertutako kasuak 2014koak baitira, migrazio krisiak eztanda egin aurretikoak, eta, 2015ean, berriz, 163.000 pertsonak eskatu dute, gutxi gorabehera Alemaniak adina, biztanle kopurua aintzat hartuta.

Eskaeren onarpena asko aldatzen da jatorriaren arabera. Siriarren eskaerak onartu dituzte batez ere (%90); ondoren afganiarrenak, baina alde handiarekin (%35), eta hirugarrenik irakiarrenak (%20).

Bestalde, gutxienez 24 errefuxiatu hil dira Egeo itsasoan, Samos Greziako uharte ondoan ontzia hondoratzean. Hiladoetatik hamar adingabeak ziren. Greziako erreskate zerbitzuen arabera, hamar lagun onik atera dituzte, baina beste 11 desagerturik daude. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.