Wikileaksen sortzaile Julian Assangek Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan jarraitzen du, eta Suediako Gobernua haserre agertu da herrialdeko justiziaren inguruan zabaldu den irudia dela eta. Quitok babes politikoa onartu dio Assangeri, hark adierazi bezala Suediara estraditatzen badute AEBen esku gera daitekeela argudiatuta. Fredik Reinfeldt Suediako lehen ministroak, baina, ukatu egin du Wikileaksen sortzailea Washingtonen esku uzteko ezkutuko planik dagoela, eta Suediako justizia independentea dela nabarmendu du.
Suedian eginiko ustezko sexu delituengatik epaitu nahi dutela adierazi du Stockholmek. Wikileaksen sortzailearen abokatuek esan dute, ordea, hura Suediara bidaliz gero handik AEBetara estraditatzeko eta Guantanamoko espetxera eramateko «benetako arriskua» dagoela. Esan dute ezkutuko materiala argitaratzeagatik bizi guztiko espetxe zigorra ezar diezaioketela han.
AEEren bilera
Ekuadorrek, berriz, aliatu bila jarraitzen du. AEE Amerikako Estatuen Erakundearen urgentziazko bilera batera deitu dute datorren ostiralerako, Quitok hala eskatuta. AEBek, Kanadak eta Trinidad eta Tobagok bileraren aurka bozkatu badute ere, erakundearen gehiengoak babestu egin du Ekuadorren eskaera. Quitok salatu du Londresek mehatxu egin diola enbaxadara poliziak bidali eta Assange atxilotuko duela esanez. Hori horrela, eskualdeko herrialdeen babesa lortzen ahaleginduko da ostiraleko bileran. Jose Miguel Insulza erakundeko idazkari nagusiak esan du ez duela baztertzen bilera horretan Ekuadorren enbaxada babesteko neurriak hartzea. Dena den, ez du zehaztu zein neurri har ditzaketen. AEEko Londresen ordezkariak, berriz, ukatu egin du salaketa horiek egin izana.
ALBA Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrak jada babesa eman dio Quitori, eta auzi honetan Londresek jarrera oldarkorra erakutsi duela salatu du. Horrez gain, UNASUR Hego Amerikako Nazioen Batasuneko herrialdeek gaur Ekuadorko Guayakil hirian egingo duten bileran, eskualdeko herrialdeei bere alde egin dezatela eskatuko die Quitok.
Bestalde, Washingtonek adierazi du Ekuadorrek ez duela onartzen Assangeri eman dion babes diplomatikoa. «AEBak ez dira AEEren Babes Diplomatikoaren 1954ko Ituneko partaide, eta ez dugu onartzen babes diplomatikoaren izaera nazioarteko justiziaren barnean», adierazi du Victoria Nuland AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak. Assangeren auzia Ekuadorren eta Erresuma Batuaren arteko kontua dela adierazi du Nulandek, eta AEEk ez duela ezer esatekorik auzi honetan. «Ekuadortarren, britainiarren eta suediarren kontua da hau».
Assangerekin harremanetan
Australiak, berriz, Assangerekin harremanetan dagoela jakinarazi du. Astearte gauean hitz egin zuen azkenengo aldiz Wikileaksen sortzailearekin, Ekuadorrek babes politikoa onartu aurretik, eta horrek Australiaren laguntza ukatu duela adierazi du. Gobernuak dio prestaketak egin dituela Assange AEBetara estraditatzea erabakitzen dutenerako.
Suediak azaldu du inolako asmorik ez duela Assange AEBen esku uzteko
AEEk urgentziazko bilera bat egingo du datorren ostiralean auzia eztabaidatzeko, AEBen oposizioarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu