Cecilia Riddselius Suediako Justizia Ministerioko nazioarteko elkarlanerako zuzendariordeak adierazi du Suediak ez duela AEBetara estraditatuko Julian Assange, han heriotza zigorra jartzeko arriskua baldin badago. "Ez dugu inoiz estraditatuko heriotza zigorrarekin mehatxatutako pertsona bat", esan du Riddseliusek. Azaldu duenez, Wikileaksen sortzailearen balizko estradizio baten aurretik, AEBek Suediari bermatu beharko lioteke ez dutela presoa "hilaraziko".
Betiere, Riddseliusek nabarmendu du AEBek ez dutela inolako prozesu formalik abiatu Suediari Assangeren estradizioa eskatzeko.
Bitartean, Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago. 623 egun daramatza atxilo —orain bi hilabete sartu zen Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan; aurretik etxean egon da atxiloturik—, eta 625 egun pasa dira Wikileaksen kontrako blokeo ekonomikoa ezarri zutenetik.
Suediako Gobernua haserre agertu da herrialdeko justiziaren inguruan zabaldu den irudia dela eta. Quitok babes politikoa onartu dio Assangeri, hark adierazi bezala Suediara estraditatzen badute AEBen esku gera daitekeela argudiatuta. Fredik Reinfeldt Suediako lehen ministroak, baina, ukatu egin du Wikileaksen sortzailea Washingtonen esku uzteko ezkutuko plana izatea, eta Suediako justizia independentea dela nabarmendu du.
Suedian eginiko ustezko sexu delituengatik epaitu nahi dutela adierazi du Stockholmek. Wikileaksen sortzailearen abokatuek esan dute, ordea, hura Suediara bidaliz gero handik AEBetara estraditatzeko eta Guantanamoko espetxera eramateko "benetako arriskua" dagoela. Esan dute ezkutuko materiala argitaratzeagatik bizi guztiko espetxe zigorra ezar diezaioketela han.
Londresek berretsi du "behartuta" dagoela Assange estraditatzera
Erresuma Batuak ez dio baimenik emango Wikileaksen sortzaileari Ekuadorrek Londresen duen enbaxadatik irten eta Hego Amerikako herrialde horretara joateko. "Behartuta gaude Assange Suediara estraditatzera. Gure asmoa betebehar hori betetzea da». Hala adierazi du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren bozeramaileak ohar batean. Azaldu duenez, Londresek Ekuadorrekin eta beste herrialdeekin hitz egiten jarraituko du auziari «konponbide diplomatiko bat» eman ahal izateko.
Ekuadorrek, ordea, Erresuma Batuko Gobernuarekin hitz egiteko, «ezinbestekotzat» jo du hark egindako mehatxua bertan behera uztea. Quitok azken egunetan salatu du Londresek enbaxadara poliziak sartu eta Assange atxilotzeko asmoa agertu duela.
Bitartean, Ekuador aliatu bila dabil. Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunak babesa erakutsi dio Ekuadorri, Erresuma Batuaren ustezko mehatxuarengatik, eta, horrez gain, bi aldeak biltzera deitu ditu azken egunetan sortutako tentsioa lasaitzeko. Igaro den larunbatean jarrera bera erakutsi zuen Alba Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrak ere; Ekuadorri elkartasuna adierazi zion, eta auzi honetan Londresek erakutsitako jarrera oldarkorra salatu zuen. Unasur eta Albaren babesa lortuta, Ekuadorrek AEE Amerikako Estatuen Erakundearena lortu nahi du orain. Ostiralean egingo dute larrrialdiko bilera.