INDONESIA

Sulawesi uhartean gutxienez 22 lagun hil dira bi bonba erasotan

Kristauen eta musulmanen artean borroka asko izan arren, erasoa Al Kaedak egin duela uste du Poliziak

Erredakzioa
2005eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Indonesiako Sulawesi uhartean, Tentena herriko merkatuan, bi bonba lehertu ziren atzo. Ondorioz, gutxienez 22 lagun hil ziren eta beste 60 bat zauritu. Sulawesin kristauen eta musulmanen artean borroka ugari izan dira azken urteetan, baina Poliziak ez du uste atzokoa eraso sektario bat izan zenik. Ustez Al Kaedari lotuta dagoen Jemaa Islamia taldea jo du erantzuletzat.

Ordu laurdeneko tartean egin zuten eztanda bi bonbak, fruitu, barazki eta okela merkatuan. Lehen leherketan zauritutakoei laguntzera joan ziren herritarrak izan ziren biktima gehienak. Kalte materialak ere eragin zituen erasoak. Merkatu ondoko banketxe batek, eliza batek eta polizi-etxe batek ere izan zituzten kalteak. Geroago, Poliziak lehertu gabeko bonba bat aurkitu zuen ondoko eliza batean.

Indonesiako lehendakariorde Jusuf Kallak esan zuenez, atentatuen helburua lasaitasun egoera hankaz gora uztea zen: «Terroristek egin dute, ez borrokan ari diren fakzio musulman edota kristauek. Egileen helburua Posoko segurtasun egoera haustea zen». Indonesia munduko herrialde musulman handiena da, bainabiztanle kristau asko daude Sulawesin; herritarren erdiak dira, gutxi gorabehera. 1998an, borrokak hasi ziren kristauen eta musulmanen artean, eta geroztik ehunka lagun hil dira; gehienak Poso hirian, Tentenatik 60 kilometro iparraldera. 2001ean, bake akordioa sinatu zuten. Hala ere, tarteka borrokak izaten dituzte. Poson, duela hilabete, bi bonba lehertu ziren. Ez zuten zauriturik eragin, ordea. Urtearen hasieran, berriz, etxean egindako 60 lehergailu aurkitu zituzten segurtasun indarrek hutsik zegoen etxe batean.

AEBetako enbaxadak, itxita

Tentenako atentatua azken hiru urteetan Indonesian gertatutako odoltsuena da. Larriena 2002ko urrian gertatu zen, Balin. Hango diskoteken aurka hainbat bonba eraso egin zituzten aldi berean eta 202 lagun hil ziren.

Duela bi egun, AEBek itxi egin zituzten Indonesian dituzten lau egoitza diplomatikoak. Jakartako iturriek esan zuten ez zutela AEBen aurkako mehatxu zehatzen berririk, baina atentatu asmoen zantzuak bazituztela. Antza, Malaysiako ustezko bi ekintzaile, Azahari bin Husein eta Noordin Mohamed Top, erasoak egiteko asmotan zebiltzan. Australiak Jakartan duen enbaxadaren aurkako atentatua (2004an) eta Jakartako Marriott hoteleko atentatua (2003) egozten dizkiete bi malaysiarrei. Hamar lagun hil ziren enbaxadaren aurkako erasoan, eta hamabi hotelaren aurkakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.