PORTUGAL

Sute gehiago pizteko arrisku handia dagoela ohartarazi du Portugalek

Poliziak zazpi pertsona atxilotu ditu, suak piztea leporatuta; tartean, suhiltzaile izandako gazte bat

Erredakzioa
2005eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
erredakzioa@:Piztutako suak 25 izatetik 13 izatera igaro ziren atzo Portugalen, horietako bat jada kontrolpean zuten suhiltzaileek. Hala ere, adituen arabera, tenperatura altuak zirela eta, lehendik itzalitako suak berriz pizteko arrisku handia zegoen. Arratsaldean piztuta jarraitzen zuen suterik larriena Coimbra hiritik gertu zegoena zen. Sua hiritik urrundu bazen ere, handik gertu bizi ziren 50 pertsona inguruk euren etxeak utzi behar izan zituzten, keak eragindako arazoak zirela eta. 300 suhiltzaile inguru ari ziren atzo hura kontrolatu nahian. Bestalde, suteek eragindako kea hegoaldeko Algarvehirira ailegatzen hasi zen atzo. Turista ugari egon ohi dira udan inguru horretan, eta ondorioz, alerta egoera ezarri zuten agintariek. Egunotan 3.000 suhiltzaile inguru ari dira lanean Portugalen.

Zazpi pertsona atxilotu zituzten atzo Portugalen, suak piztea leporatuta. Horietako bi Gondomarren atxilotu zituzten. 14 urtekoak ziren biak. Beste bi, berriz, 18 eta 19 urtekoak ziren eta haietako bat suhiltzaile ohia zen. Azken hiruak Sao Pedro do Sul eta Vagos e Ilhavon atxilotu zituzten. Orotara 105 piromano atxilotu ditu aurten Poliziak Portugalen.

Hamasei hildako

Alzheimerra zuen 88 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten atzo suhiltzaileek. Bere etxetik 150 metrora aurkitu zuten. Emakumeak sua ikusi zuenean, ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Uztailaren 20az geroztik, 16 pertsona hil dira Portugalgo suteetan, tartean 11 suhiltzaile. Horretaz gain, 90 etxebizitza inguru kiskali ditu suak eta beste 45etan kalte larriak eragin ditu.

Portugalen ez ezik, Galizian ere kalte handiak eragin zituzten suteek. 26k piztuta jarraitzen zuten atzo, baina horietatik hamar jada kontrolpean zituzten arratsaldean. Bakarrari ezarri zioten alerta gorria, Coruñan, Pindo de Carmota menditik gertu piztutakoari. Xuntako iturrien arabera, 908,3 hektarea erre dira. Horretaz gain, 230 su berri aurkitu zituzten, gehienak txikiak. Xuntak, bestalde, ukatu egin zuen suak itzaltzeko koordinazio eza egon zela eta eskertu egin zuen Espainiako Gobernuak eskainitako laguntza. Galiziako Landa Eremurako sailburu Alfredo Suarezen esanetan, Gobernuak neurri zorrotzagoak hartuko ditu suteak pizten dituztenen aurka. Ez zituen neurri horiek azaldu nahi izan, «eraginkortasuna ez murrizteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.