mundua

Sute larria izandako Brasilgo dantzalekuak ez zituen hartuak neurriak

231 lagun hil ziren atzo goizaldean Santa Maria herriko areto bateko ezbeharrean. Ateak itxita zeuzkan, eta ez zituen berrituak jarduera lizentzia eta suteen kontrako plana.

2013ko urtarrilaren 28a
15:24
Entzun

Brasilgo Santa Maria herriko Kiss dantzalekuak, sutea piztu zenean, ateak itxita zeuzkan, eta aretoak ez zeuzkan berrituta jarduera lizentzia eta suteen kontrako plana, Brasilgo iturri ofizialek gaur jakinarazi dutenez. Aretoko nagusia atxilotu egin dute. 231 lagun hil ziren igande goizaldean han izandako sute batean.

Marcelo Arigony eskualdeko poliziaburuak esan du dantzalekuko segurtasun arloko kideek sua piztu zenean ateak itxi zituztela, "baina ez nahita". Ondoren ireki zituzten. Lekukoek berretsi egin dute azalpena. Musika taldeko kide batek adierazi du segurtasun taldekoek hasiera batean pentsatu zutela aretoan borroka bat zegoela, ez sutea.

300-400 lagun zeuden dantzalekuan. Haietako askok ez zuten lortu larrialdi gunetik ateratzerik.

Dilma Rousseff Brasilgo Gobernuko presidenteak hiru eguneko dolua ezarri du. Herrialdean izandako sute larrien artean bigarrena izan da. 1961eko batean 503 lagun zendu ziren Rio de Janeiron, zirku batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.