Australian ohikoak dira baso suteak, baina aurten, uda hasi ere egin baino lehen, bereziki kezkagarria izaten ari da egoera. Sydney hiriburua Hegoaldeko Gales Berria eskualdean dago, eta hor inoiz erregistratu diren kutsadura mailarik handienak izan ziren joan den ostiralean. Urritik lau pertsona hil ditu suak, eta 400 etxe suntsitu, eta aurreikuspenak ere ez dira onak; goiz hasi da suteen garaia, 40 gradutik gorako tenperaturak izaten ari dira jada, eta lehortea luzatzen ari da —erregistroak daudenetik, 2019ko azaroaren 11 izan zen Australian euririk egin ez duen lehen eguna—. Milioi bat hektarea baino gehiago erre dira.
Suteen arrisku zuzenekoez gain, kutsadura arazo larri bilakatzen ari da herritarrentzat. Sydneytik 800 kilometrora dago Bourke hiria, eta hango alkate Barry Hollmanek Reuters agentziari esan zionez, «kaleak hutsik daude, eta etxetik ateratzea saihesten ari dira herritarrak, ahal den neurrian». Gomendatutako neurriak baino hamabost aldiz handiagoa da airearen kutsadura Bourken egunotan. Wollongongeko Unibertsitateko irakasle Ross Bradstockek asteazkenean baieztatu zuenez, Hegoaldeko Gales Berriaren historiako suterik gogorrenak izaten ari dira: «Suteak azkar garatzeko osagai guztiak elkartu dira». Sydney zortzigarren kokatzera ere iritsi da Air Visualen munduan gehien kutsatutako hirien zerrendan. Victoria estatuan, berriz, zazpi egunez 40 graduko tenperaturei aurre egiteko neurriak hartzen ari dira larrialdi zerbitzuak; hori gertatuz gero, heriotza tasa handitu daiteke, sare elektrikoa kolapsatu, eta sute larriak sor daitezke.
Oraindik bizirik daude 60 sute inguru, eta hilabeteetako lana izango da guztiak kontrolatzea. Heriotza eta ebakuazioez gain, kezka sortzen ari da sutea Australiako faunari kalte egiten ari zaiola; ehunka koala hil ditu. Hegoaldeko Gales Berriko Polizia ari da ikertzen ea suteak eragindakoak izan diren ala ez.
Scott Morrison Australiako lehen ministroari suteen aurka ezer gutxi egitea egotzi diote hainbat herritarrek eta eragilek. Oposizioan den alderdi berdeak gogor egin zuen haren kontra joan den astean: «Larrialdi klimatikoari ez ikusiarena egiten segitzen badu, isuriak murrizteko neurriak hartzen ez baditu, australiarren bizia arriskuan jartzen ariko da». Morrisonek, ordea, ukatu egin zuen bere politikek eta suteek zerikusia dutela; emisioak murrizteko politika gogorragoak ezarriko balitu enplegu galera ekarriko luketela argudiatu zuen joan den ostiralean. Australiako gobernu kontserbadoreak 2030erako isuriak %26-28 artean murrizteko konpromisoa hartu zuen Parisko Akordioan, baina, adituen arabera, ez du beteko helburu hori egungo garapenarekin.
Negurik ez 2050erako
Australiako Unibertsitate Nazionalaren ikerketa batek dioenez, Australiak ez du negurik izango 2050. urtean: «Urtaro bakoitzeko tenperaturak erkatuta, aurkitu dugu ez dela neguko denboraldi iraunkor bat izango 30 urte barru».
Uda gogorra aurreikusten dute adituek, baina 2009ko otsaileko gertakariak berriro ez gertatzea espero dute. Black Saturday izena jarri zioten ostiral hari; 173 pertsona hil ziren Victoria eskualdean, guztira 374 ere hil ziren bero bolada batean.