Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridun eta NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko buruak gaur iragarri du asteazkenean Myanmarko Parlamentuan izango dela, Konstituzioari men egitearekin zuten arazoa konpondu ondoren.
Ohar baten bidez jakinarazi du Suu Kyi ez ezik, haren alderdiko kide hautatu guztiak ere izango direla Parlamentuan. Pasa den astean Parlamentura joateari uko egin zioten, Konstituzioa "babestea" eskatzen zitzaielako, eta haiek ez zutelako hori onartzen. Konstituzioa "babesteko" konpromisoa hartu beharrean, Konstituzioa "errespetatzeko" konpromisoa hartu ahal izatea eskatu zuten. Parlamentuko alderdiek onartu egin dute eskaera hori.
Parlamentuko alderdietako ordezkariek gutun bat bidali zioten pasa den astean Parlamentuko presidenteari, eskaerarekin bat zetozela azaltzeko.
Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gaur babesa eman dio Myanmarko "erreforma demokratikoari", eta Parlamentuari giza eskubideak errespetatzeko eskatu dio.