Newtongo Sandy Hook eskolan 2012an gertatu zen tiroketa bat ekarri du gogora Barack Obamak. Hogei ume hil zituzten tiroketa hartan. "Ume haiekin pentsatzen dudan bakoitzean sutu egiten naiz", onartu du.
Hain justu ume haietako baten aita, Mark Baden, izendatu dute Obamaren diskurtsoari sarrera emateko. Hari hitza hartuta, AEBetako presidenteak gogoratu du urtean 30.000 estatubatuar hiltzen direla suzko armen eraginez, hilketa, suizidio eta abarretan.
Arazoaren larria seinalatu eta AEBak horrelakoak gertatzen diren "herrialde garatu bakarra" dela nabarmendu du Obamak. "Eta arazo hori nola konpondu pentsatu beharrean, gure eztabaida polarizatu eta partidistenetako bat bihurtu da".
Oposizioari ez ezik, bere alderdiko kideei ere zuzendu zaie, suzko armen merkatua kontrolatzeko proposamenak aurkari ugari baititu, baita errepublikanoen artean ere: "Armen lobby-ak, beharbada, Kongresua bahitu du orain, baina ezin ditu bahitu Estatu Batuak. Ezin dugu onartu askatasunaren prezioa sarraski hau izatea".
Obamak proposaturiko neurriek karga sinbolikoa badute ere, eragin neurtua izango lukete. Proposamen esaguratsuenak jasotzen duenez, armak saldu nahi dituen orok erregistratu eta lizentzia federal bat eskuratu beharko luke, eta, ondoren, bere gain hartu beharko luke armak erosi nahi dizkionaren aurrekari penalak eta buruko osasuna aztertzea.
Gaur egun, arma saltokietatik aparteko bideak erabiltzen dituzte saltzaile batzuk. Horien jarduera kontrolatu nahiko luke AEBetako presidenteak. Horretarako, FBIk baliabide gehiago jarri beharko lituzke, aurrekariak eta aztertzeko prozedurak azkartzeko.
Ez da segurua neurri sortak aurrera egingo duen. Diskurtsoa eta gero, alderdian bertan aurka dituen kongresista batzuek agertu dute neurriak ez babesteko asmoa.