Swat ibarreko talibanek (Pakistango ipar-ekialdea, Afganistanekin mugakide) Islamabad hiriburutik 100 kilometrora dagoen Buner barrutiko kontrola eskuratu dute. Haien aldeko ehun bat gudulari sartu ziren bertara herenegun, agintarien arabera. Ordutik, eraikin ofizialak, gobernuz kanpoko erakundeen bulegoak eta mezkitak okupatu dituzte. Eta errepideetan kontrolak ere ezarri dituzte.
Taliban horiek apirilaren 14an Pakistango presidente Asif Ali Zardarirekin eta Parlamentuarekin bake akordioasinatu zutenak dira. Swat barrutian xaria edo lege islamikoa ezartzearen truke, indarkeria amaitzeko konpromisoa hartu zuten. Biharamunean, ordea, armak ez zituztela utziko adierazi zuten. Haratago, beren borroka beste tokietara zabalduko zutela ohartarazi zuten. «Pakistango nahiz Afganistango gobernuek musulmanen aurkako politikarekin jarraitzen badute, ez ditugu inoiz armak utziko», esan zuen Muslim Jan Pakistango talibanen bozeramaileak. Etaherenegun bete zuten mehatxua.
«Swatetik etorritako talibanek patruilak areagotu dituzte», kontatu zion telefonoz AFP berri agentziari Rashid Janek, Ipar-ekialdeko Mugako Probintziako Gobernuko goi funtzionarioak. «Garraio publikoan musika debekatu dute, eta giza laguntzarako erakundeen egoitzak arpilatu eta haien ibilgailuak lapurtu dituzte».
Atzerriko babesa
Bestalde, Pakistanen 10.000 terrorista atzerritar daudela jakinarazi du, eta horiek bertako talibanei laguntzen dietela salatu. Rehman Malik Barne ministroak jakinarazi zuen informazio hori, atzo, Islamabadeko Poliziaren Buleg Nazionalean egindako ekitaldi batean. «Taliban pakistandarrak ari dira entrenatzen, terrorismoa herrialde osoan zabaltzeko». Gainera, irrati bidez igorritako mezuekin, borroka egitera bultzatzen dituztela uste dute agintariek. Horretaz gain, bertako ekintzaileek atzerritik diru laguntza jasotzen dutela ziurtatu zuen Malikek.
Swat ibarreko talibanek beste barruti bat hartu dute indarrez Pakistanen
Taliban pakistandarrek atzerritik diru laguntza jaso eta 'terroristek' entrenatzen dituztela salatu du Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu