Bi hilabete luze eman behar izan dute etxe kanpo, eta orain hasi dira itzultzen. Pakistango Swat eskualdean apirilaren amaiera aldean hasitako erasoaldia amaitutzat eman zuen iragan asteazkenean armadak. Jusuf Raza Guilani lehen ministroak biharamunean jakinarazi zuen desplazatuak aurki itzuli ahal izango zirela etxera, eta ekin diote jada jaioterrira itzultzeari. Atzo eta gaur artean bost mila familia euren etxeetara itzuli ahal izatea espero dute agintariek. Gobernuak laguntza plan bat jarri du indarrean horretarako. Salim, Palosa, Charsadda eta Jalzai errefuxiatu guneetan babestuta zeuden iheslariak izango dira aurrenekoak itzultzen. Ondoren, eskoletan babestu diren desplazatuak, eta, azkenik, senide eta lagunen etxeetan zeudenak. Desplazatutako familia bakoitzari 25.000 errupia (215 euro) agindu dizkiote, eta autobusak eta kamioiak jarri dituzte haien eskura etxera itzuli ahal izateko.
Pakistanek azken urteetan ezagutu duen exodo handiena izan da oraingoa. Iazko abuztuan hasitako erasoaldiak aintzat hartuta, orotara 1,9 milioi desplazatu eragin dituzte borrokek; iheslari gehienek, dena den, azken bi hilabeteotan aldegin dute etxetik. Armadaren arabera, talibanen gotorlekuak bereganatu dituzte, eta jada ur, argindar, gas eta telefono sarea erabilgarri dira eskualdean. Swat, Dir eta Buner eskualdeetan abiatutako erasoaldian ustezko 1.700 ekintzaile hil dituzte. Borroketan 158 soldadu hil eta beste 500 zauritu dira.
Atentatua eta erasoak
Punjab eskualdean, bestetik, bederatzi lagun hil ziren atzo eskola koraniko baten kontrako atentatuan. Hildakoetako zazpi haurrak zirela jakinarazi zuten agintariek. Mian Channu herrixkan izan zen atentatua. Bonba bat leherrarazi zuten eskolaren parean, eta eskolarekin batera 40 etxebizitza birrindu ziren. Leherketak 50 zauritu ere eragin zituen, eta uste dute hondakinen artean gorpu gehiago ere aurkituko dituztela. Guilani lehen ministroak erasoa gogor gaitzetsi eta ikerketa egiteko agindu du.
Hego Waziristanen, berriz, gutxienez ustezko sei ekintzaile eta soldadu bat hil ziren atzo borroketan. Rustam Ada eremuan borroka gogorrak izan ziren ustezko talibanek segurtasun indarren kontra egindako erasoaren ostean.
Swateko erasoa amaituta, iheslariak etxera itzultzen hasi dira Pakistanen
Punjab eskualdean bederatzi lagun hil dira, tartean zazpi haur, eskola koraniko baten kontrako atentatuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu