'Swing' estatuen dantzak emango du presidentetza

Ziurtatuak dituzten estatuak bazter utzi, eta zalantzati daudenetan oinarritu dute kanpaina Obamak eta Romneyk

'Swing' estatuen dantzak emango du presidentetza.
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Mitt Romneyk apenas gastatuko duen dolarrik Texasen kanpaina egiten, Alderdi Errepublikanoak aurkezten duen programa aurkezten duela eta egiten dituen promesak egiten dituela ere gehiengoaren aldeko botoa jasoko baitu ziurrenera estatu horretan, dozenaka urtean gertatu izan den bezala. Barack Obamak antzera egingo du Kalifornian eta New Yorken, esaterako, beti demokrata izan baitira, eta ongi baitaki estatu horietan ziurtatua duela errepublikanoek irauli ezin duten gehiengoa. Izan ere, Etxe Zurirako giltzak hauteskundez hauteskunde iritzia aldatzen duten swing estatuetan jokatuko dituzte Obamak eta Romneyk aurten ere.

Hautagai baten jardunaren edo bestearen hanka sartzeen arabera bozkatzen duten estatu zalantzati horietako biztanleentzat dira, hain justu, telebistako iragarkiak, mitin erraldoiak eta bozak irabazi ostean agian beteko ez dituzten promesak. Hori horrela, urte batean demokraten eta bestean errepublikanoen aukera gailentzen da Floridan, Ohion, Virginian, Wisconsinen, Coloradon, Iowan, Nevadan eta New Hampshiren, eta han gastatuko dute bi alderdiek kanpainako aurrekontu gehiena.

AEBetako egungo presidenteak 237 ordezkari ditu ziurtatuak —aurreikuspenak betetzen badira—, eta hura ordezkatzearekin amets egiten duen Romneyk, berriz, 206. Obamak hautagai errepublikanoari ateratzen dion aldeak, baina, ez dio askorako balio presidenteari, iritziz aldatzeko joera duten estatu horietan huts eginez gero ez baitu zereginik izango. Izan ere, bi hautagaiak berdinduta dauden estatuetan 95 ordezkari dituzte balantza alde batera edo bestera iraultzeko. 538 ordezkari daude guztira jokoan, eta 270 lortzen dituenak irabaziko ditu hauteskundeak. Garaipen hori, baina, estatuz estatu lortu behar dute, estatu batean gehiengoa lortzen duten heinean bertako ordezkari guztiak eskuratuko baitituzte.

Florida, preziatuena

Zalantzan diren estatu horien artean, Floridan daude ordezkari gehien jokoan; 29. Immigrazio legearen erreforma defendatuko duela esanda eta paperik gabeko ikasleei AEBetako herritartasuna lortzeko bidea ematen dien Dream Act bultzatuta ahalegindu da Obama duela lau urteko ilusioa pizten Floridako hispanoen komunitate zabalean. Orduan, hautagai demokrataren alde bozkatu zuten Floridan hispano gehienek, eta 29 ordezkariak lortzeko bidea eman zioten Bushek bi bider irabazi zuen estatuan.

Kanpainan, Romneyk jatorri kubatarreko Marco Rubio senataria presidenteorde izateko izendatuko zuela zioten zurrumurruak zabaldu ziren, eta horrek hispano asko errepublikanoen alde jarri zituen. Rubioren ordez, baina, Paul Ryan aukeratu izanak errepublikanoenganako ilusioa itzali du hispanoengan. Dena den, hauteskunde primarioetan legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko proposatu zuen autodeportazioen ideia baztertu eta tonua leundu du Romneyk azken agerraldietan, Floridako hispanoen botoa erakarri nahian hein handi batean. Estatu horretan, hain justu, biztanleen %13 da hispanoa. Bestalde, hegoaldean judu komunitate indartsua ere badago, batak eta besteak atzerri politikari buruz —Israeli eta Irani buruz, batik bat— esaten dutena gertutik aztertzen duena.

Floridaren atzetik, Ohio —hemezortzi ordezkari ditu— eta Virginia —hamahiru ordezkari ditu— dira swing estaturik lehiatuenak. Duela lau urte, Ohion gehiengoak Obamaren alde egin zuen, baina krisiak gogor jo du han, eta kontserbadoreen indarra handitu egin da: presidentearen abantaila txikituz doa egunez egun. Virginia, berriz, Obamaren bultzadaren ikur bilakatu zen duela lau urte, 1963tik hautagai demokratarik ez baitzen gailendu inoiz estatu horretan. Lau urte geroago, Obamaren ilusioa itzalita, bi hautagaien artean dantzan dabiltza Virginiako inkestetako emaitzak. 2010etik estatuko gobernadore den Bob McDonell errepublikanoaren ospeak nabarmen behera egin izanak, dena den, bidea erraztu diezaioke hautagai demokratari.

Bestalde, Romney Wisconsingo hamar ordezkariak lortzeko bidean jarri da, presidenteorde izateko bertako Paul Ryan legebiltzarkidea aukeratuta. Erronka gogorra dauka estatu horretan, dena den, 1984tik ezein hautagai errepublikanok ez baitu irabaztea lortu.

Coloradon, Obamari kostako zaio 2008ko emaitza errepikatzea. Bederatzi punturen aldea atera zion John McCaini gehienetan errepublikanoen alde egin duen estatuan. Hango komunitate mormoi garrantzitsuak Romney babestea espero da, gainera.

Iowako sei ordezkariak, Nevadako beste seiak, eta New Hampshireko laurak noren esku geratuko diren ere hauteskunde egunera arte ezingo da jakin. Bataren promesek, bestearen programak eta debateek horiek guztien emaitzak irauli baititzakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.